Arrazakeriaren aurkako adierazpena onartu du Nafarroako Parlamentuak

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 8a, 15:56

Adierazpen horren bidez, Nafarroako Parlamentuak "arrazakeriaren aurkako eta giza eskubideak urratzen dituen edozein egoeraren aurkako konpromisoa" erakutsi du ganberak.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu du adierazpen instituzional bat, "arrazakeriaren aurkako borrokan konpromisoa" erakusten duena. EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak batera aurkeztu dute testua, eta ganberako gainerako taldeek babestu dute.

Adierazpen horren bidez, Nafarroako Parlamentuak "arrazakeriaren aurkako eta giza eskubideak urratzen dituen edozein egoeraren aurkako konpromisoa" erakusten du, "bere baitan gorroto- eta haserre-diskurtsoak ez onartzeko konpromisoa bere eginez".

Gainera, Nafarroako Parlamentuak bere "babesa eta elkartasuna" adierazten die "gaur egun oraindik diskriminazio, arrazakeria eta xenofobia egoerak jasaten dituzten pertsona eta kolektibo guztiei", eta ziurtatzen du "mota guztietako neurriak" abiaraziko dituela bere eskumenen esparruan, "edozein pertsonaren eskubide eta askatasunen aurka doan edozein jarduera eragozteko, bereziki administrazio publikoen esparruan eta ohikoenak diren guneetan.

Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea amaituta, Navarra Sumako parlamentari Carlos Pérez-Nievasek babestu egin du adierazpena, baina EH Bilduk aurkeztu izana "hipokrisia politikoa" dela esan du, "ETAk eragindako ekintza terroristak behin eta berriz gaitzesteko gai ez denean".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!