Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak "mugakide diren erkidegoen arteko elkarrizketa eta koordinazioa" garrantzitsutzat jo zituen atzo, "lurraldeen arteko mugikortasuna berreskuratzeko, betiere osasun baldintzek horretarako aukera ematen badute". Ondorioz, Txibitek adierazi zuen harremanetan jarraituko duela EAEko, Errioxako eta Aragoiko presidenteetan.
Hala adierazi zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin izandako hamahirugarren konferentzian.
Hain zuzen ere, EAEtik Iñigo Urkullu lehendakariak atzo adierazi zuenez, erkidego mugakideetako presidenteekin (Kantabria, Nafarroa eta Errioxa) euren arteko mugikortasuna adostu ahal izango dute ekainaren 15erako, eta mugaz haraindiko irekieraren aldeko apustua egin zuen, “jarduera ekonomikoa bultzatzeko”.
Bestalde, Txibitek Automobilgintzaren Mahaia sortzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari, "sektorearen garapena dinamizatzeko eta bultzatzeko". Lan foro hori gobernu zentralak gidatuko luke, eta, bereziki, automobilgintzaren sektoreak "pisu espezifikoa" duen autonomia erkidegoek eta industria sektore osoak parte hartuko lukete, hala nola foru erkidegoak.
Hala ere, herritarren "erantzukizun indibiduala" eskatu du berriro Txibitek, “birusak hor jarraitzen duelako eta kasu positiboak izaten jarraitzen dugulako". Hala, Foru Erkidegoa hirugarren fasera sartu dela gogoratu zuen, "baina murrizketa batzuk hartzeko zuhurtziarekin, batez ere edukiera eta jarduera batzuetan".