Hirugarren fasean sartuko da Nafarroa astelehenean

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 5a, 13:50

Espainiako Gobernuko Salvador Illa osasun ministroak eman du erabakiaren berri. Nafarroak arau propioak ezarriko ditu itxialdiaren arintzean. Ekidegoen arteko mugen irekiera ekainaren 15etik aurrera aztertuko du Txibite presidenteak.

"Eszenatoki positiboa" du Nafarroak koronabirusaren bilakaerari dagokionez. Hala baloratu du Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek. Pandemiari aurre egiteko lanean prebentzioa eta kasu positiboen jarraipena izan dira gakoa presidentaren ustez. Atzera pausorik gertatu ez dadin "zuhurtzia" eskatu du beste behin gobernuak, hirugarren fasean eta "normaltasun berrian" jarduteko eran: "Uda beste termino batzuetan ulertu behar dugu". 

Erreza izanen ez dela ulertzen duela adierazi du Txibitek. Herriko festei egin die erreferentzia presidentea. Arduratsu izatea eskatu die herritarrei: "Programazio ofizialik ez badago, ulertu behar dugu ez dela festarik izanen. Hamaiketakoak egiteko elkartu gaitezke, baina edozein egunetan egiten den bezala, segurtasun distantzia mantenduz".

Astelehenetik aurrera, fase aldaketarekin, aldaketak izango dira herritarren egunerokoan. Nafarroako Gobernuak Espainiak baino neurri zorrotzagoak ezarriko ditu. 

  • Tabernetan egon daitekeen gehienezko jende kopuruan aldaketak izanen dira. Terrazen edukiera %75a izanen da. Bezeroak barran egoten ahalko dira ekainaren 15tik aurrera.
  • Aire librean egiten diren kultur ekitaldietarako jende muga ere handitu du Espainiak, baina Nafarroan gehienez 400 pertsonako ekitaldiak egiten ahalko dira.
  • Elkarte gastronomiko eta peñak zabaltzeko aukera ere izanen da astelehenetik aurrera. Ez, ordea, etxabeak. 
  • Ekidegoen arteko mugen irekiera ekainaren 15etik aurrera aztertuko du Nafarroak. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!