UEUk hamazazpi ikastaro eta jardunaldi antolatuko ditu ekainetik irailera

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 5a, 09:41

Irati Iciar eta Iker Sarasola UEUko kideak, atzo, ikastaroen aurkezpenean. (UEU)

Hamazazpi ikastaro eskainiko dituzte, bi astez. Salbuespeneko matrikulazio prezio sinbolikoa izango dute: hamar euro. Matrikula egiteko epea zabalik dago.

Egoera berezia izan arren, UEU Udako Euskal Unibertsitateak 48. Udako Ikastaroen eskaintzarekin aurrera egitea erabaki du, #ElkarEkin lelopean. Izan ere, "aurrez aurrekotasuna, harremanak, sarea sortzea dira udako ikastaroen bereizgarri", atzo Iker Sarasola UEUko zuzendariak eta Irati Iciar Udako Ikastaroetako arduradunak nabarmendu zuten moduan. Horretarako, epeak moldatu behar izan ditu, ordea: ekainetik irailaren hasierara bitartean 17 ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu Eibar, Iruñea, Baiona, Usurbil eta Donostian. Guztiek hamar euroko prezio sinbolikoa izango dute. Matrikula zabalik dago dagoeneko ueu.eus webgunean.

Iker Sarasolak eta Irati Iciarrek aurtengo eskaintzaren xehetasun guztiak eman zituzten atzo. Aitortu zuten koronabirusaren krisiak “hankaz gora” jarri duela, beste guztia bezala, baita UEUren proiektua ere. Hori dela eta, ezjakintasun egoera horretan, duela gutxira arte ez dute erabaki ikastaro presentzialak egitea; baina elkarrekin aurrera egiteko erronka hartzea erabaki dute, eta horregatik hautatu dute leloa. 

Azaldu zutenez, aurrez aurreko eskaintzari eutsi ahal ziateko, ikastaroek berritasunak izan beharko dituzte. Aldaketa horietako bat da, lurraldetasunari eutsiko dioten arren, bi txandatan egingo dituztela ikastaroak: Eibarkoak, Donostiakoak eta Usurbilgoak uztailaren 13tik 17ra egingo dituzte, eta Iruñekoak eta Baionakoak, berriz, abuztuaren 31tik irailaren 4ra. Gainera, parte hartzea sustatzeko neurri bereziak hartu dituzte, eta horrela, ikastaro laburragoak eta talde txikiak izango dira, edukiera eta segurtasun neurriak jarraituz. Halaber, matrikula prezio berezia izango da, hamar eurokoa. 

Aurten, bestalde, garrantzi berezia eman nahi diote hasiera ekitaldiari. Izan ere, bi urte barru UEUk 50 urte beteko ditu, eta, urtemugari begira, UEUrentzat arlo estrategiko zenbait landu nahi dituzte. Ekainaren 18an, jardunaldi birtuala egingo dute: Zientziak eta euskara: esperientzietatik etorkizunera. Internet bidezko hitzaldi horrekin, Koldo Garcia ikertzaile eta UEUko zuzendaritzako kideak egoera zertan den aztertzeko zenbait gako emango ditu. 

Hauek izango dira aurtengo ikastaroak:

1. astea: uztailak 13-17

Eibar, Donostia eta Usurbil

-Matematikari Euskaldunen IV. Topaketa (Matetop IV.).

    Eibar, uztailak 10

-BERRIA multimedia: kazetaritzaren praktika berriak.

    Eibar, uztailak 13

-Euskal Curriculumaren garapen integrala: EKI. 

    Eibar, uztailak 13-14

-Wikipedia/Wikimedia editatoia 2020.

    Donostia, uztailak 14

-Euskal ahozkotasuna eta irudimena: ondarea, sormena eta transmisioa. 

    Eibar, uztailak 15

-Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VI. Bilkura: Tokiko Bildumak. GLAM erakundeek eta komunitateek tokiko memoria elkarrekin eraikitzen. 

    Eibar, uztailak 16

-2020.urtea. Ahaztu dugu Hondakinen %50 birziklakatu behar direla? Mintegia. 

    Eibar, uztailak 16

-Pandemiak, distopiak eta mundu berriak. (Jakin Jardunaldia) 

    Usurbil, uztailak 16

-Software librea ikastetxean: Luberri sistemaren instalazioa eta administrazioa.

    Donostia, uztailak 13-14

 

2. astea: abuztuak 31-irailak 4

Iruñea eta Baiona

-Orreagatik (778) Trantsiziora (1975-1982): Nafarroaren historia, memoria eta kontakizunak.

    Iruñea, abuztuak 31

-Erabilera lagapeneko Etxebizitza Kooperatiben eredua: aukerak eta esperientziak. 

    Iruñea, abuztuak 31

-Euskal Herria Dekoloniala Mintegia.

    Iruñea, abuztuak 31-irailak 1

-Visual Thinking ikas-irakasteko ikusgarria.

    Iruñea, irailak 1

-Gau Beltza (Arimen gaua) ospakitzuna antolatzeko tailerra.

    Baiona, irailak 4

-Euskal kantu ondarearen transmisioa 

    Baiona, irailak 4

-Hizkuntzalaritza klinikoko I. jardunaldia : hizkuntza nahasmenduen azterketa eta esku-hartzea euskaldunengan, ikerketa eta arlo klinikoraen ikuspegitik. 

   Baiona, irailak 4

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!