Inkestan parte hartu duten Nafarroako gazteen %88k bere poltsarekin egiten du erosketa; %76k etxeko ur-kontsumoa murrizten saiatzen da, eta %71,6k, berriz, elektrizitate-gastua, Nafarroako Gazteriaren Institutuak (INJ) bere Gazte Behatokiari enkargatutako azterlan batean lortutako datuen arabera. Carlos Amatriain erakundeko zuzendari kudeatzaileak aurkeztu du azterketa hori, ostiral honetan, ekainak 5, Ingurunearen Munduko Eguna dela eta.
Gazteek ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin zerikusia duten hainbat alderdiri buruz dituzten iritziak eta jarrerak ezagutu nahi ditu lanak, bai eta haien eguneroko bizitzan hartutako konpromiso-maila ere. Azterketan 16 eta 30 urte bitarteko 800 gaztek hartu dute parte.
% 71k ohiko moduan erabiltzen du garraio publikoa
Gazteek egunerokotasunean egiten dituzten ekintza ohikoenen artean, plastikozko poltsen erabilera murriztea dago; izan ere, %88k bere poltsa edo erosketa-orga propioa eraman ohi du.
Gazteek egiten dituzten beste praktika batzuk hauek dira: etxeko uraren kontsumoa murriztea (inkestatutako pertsonen %76,4k egin ohi du hori), eta antzeko ehuneko batean, etxeko energia-kontsumoa murriztea (%71,6).
Halaber, garraio publikoa edo bizikleta herrian joan-etorriak egiteko erabiltzea da azterlanean parte hartzen duten pertsonen ehuneko handi batek (%71,6) hartzen duen beste portaeretako bat, baita garbiguneak erabiltzea ere (%71,2).
Gainera, hamar gaztetik lauk kontuan hartzen dute produktuek paketatze gehiegirik edo beharrik ez izatea, eta antzeko proportzio batean, berrerabil daitezkeen ontzietan elikagaiak erostea bilatzen dute, edo tokian tokiko edo gertuko produktua aukeratzen dute, horrela merkantzien garraioak eragindako aztarna ekologikoa saihestuz.