Igor Legarreta errealizadore bizkaitarrak haren bigarren film luzea, Ilargi guztiak, grabatzen hasi zen berriz ere, astelehenean, Zizurkilen (Gipuzkoa). Astebetean taldea Nafarroara itzuliko da; martxoaren 13an lana eten aurretik ere izan zen bertan grabatzen. Filmaketak hiru aste iraungo du. Grabazioa eten zutenetik, filmeko ekipoa itxita egon da, ekoizpenetik ohar baten bidez azaldu dutenez; eta denbora horretan aurrera egin dute filmaren muntaketan.
Filmatzeko geratzen diren sekuentziak herriguneetatik urrun dauden espazioetan kokatzen dira: baserri batean, borda batean eta ingurune naturaletan dauden kanpoko hainbat eszenatokitan. Horretarako, taldea Leurtzako urtegira eta Xorroxineko ur jauzira joango da. Filmatzeko seterako sarbidea produkziorako behar-beharrezkoa den ekipamendura mugatuko da, eta segurtasun protokoloak zorroztuko dituzte. Etenaldiaren aurreko lau asteetan figurazio eta ekoizpen aldetikk konplexutasun handiena zuten eszenak filmatu zituzten.
Haizea Carneros, Itziar Ituño eta Joxean Bengoetxea dira Igor Legarretaren bigarren film luzearen protagonistak, eta baita Zorion Eguileor, Lier Quesada eta Elena Uriz ere. Euskara hutsean filmatuko dute eta gidoia zuzendariak egin du, Jon Sagalarekin batera. Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris & Batty Films eta Ilargia Films dira ekoizleak. Rrtve-k eta Eitb-k parte hartzen dute, eta ICAAk, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dute. Filmax arduratuko da Espainiako Estatuko banaketaz eta nazioarteko salmentez.
Ikus-entzunezkoen sektorera ere itzultzen ari da normaltasuna, gutxika bada ere. Hala, joan den astean, Done Jakue bidean sortzen diren harreman pertsonalen inguruko 3 Caminos telesailaren filmazioari berrekin zioten, eta, egun batzuk barru, Ilargi Guztiak-en taldea foru erkidegoan izango da; hori bai, segurtasun neurriak beteta eta proiektua osatzen duten pertsonak bakarrik sartzeko baimenarekin.