Nafarroa Suspertu Planari Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak egindako proposamenak ezagutu ditu Euskararen Nafar Kontseiluak

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 2a, 20:29

Euskararen II. Plan Estrategikoa egiteko egindako lanak eta prozesua ere aurkeztu ditu Ollo kontseilariak.

Euskararen Nafar Kontseiluak gaur goizean ezagutu ditu 2020 – 2023 Nafarroa Suspertu Planaren lan-ildo nagusiak. Plan horretan Nafarroako Gobernua lanean ari da COVID-19k sortutako krisitik ateratzeko.

Bileran, Nafarroako Gobernuak kide anitzeko organoekin abian jarri duen parte-hartze prozesuaren barruan, Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak planaren barruan ezarri nahi dituen ildo estrategikoak ezagutu dituzte parte-hartzaileek.

Kontseilariak, Kontseiluko kideen aurrean defendatu duenez, beharrezkoa da krisitik irteteko eredu berri bat bultzatzea, neurri ekonomikoak ez ezik, Nafarroakoa bezalako gizarte askotariko eta pluralari begirada irekia eta soziala emango diona.

Euskararen bizitasun handiko eremuak, hain zuzen ere, "Krisialdi honetan gune seguru gisa duten balioa erakutsi duten landa-eremuak dira, eta horietan modu natural eta positiboan integratu behar da euskararen erabilera, lurralde-garapeneko estrategia erabatekoa izan dadin".

Horretarako, Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak, besteak beste, honako neurri hauek proposatu ditu Nafarroa Suspertu Planean: euskarazko kultura-sektorearen jarraipena bermatzea, euskararen sustapena turismo jasangarriaren eredu berrian txertatzea, nortasun- eta benetakotasun-elementu gisa, edo euskararen erabilera hedatuta dagoen edo nagusi den eremuetako hurbileko merkataritzan euskararen erabilera bultzatzea zerbitzuaren kalitate-elementu gisa.

Gainera, krisi honetan eragin handia izan duten helduei eta hartu behar dituzten segurtasun sanitarioko neurri berriei laguntza ematea proposatuko du departamentuak. Azkenik, ingurune digitalari dagokionez, sailburuak adierazi du "teknologia digitalak lanerako, prestakuntzarako eta harremanetarako tresna bihurtu diren online mundu batean bizitzera pasatu garela". Arlo horretan, Herritarrekiko Harremanetarako Departamemtuak haur eta gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko eduki digitalak sortzea bultzatuko du, horietatik laurden bat euskaldunak, edo euskarazko online tresnak prestatzea Sarean Euskaraz programaren bidez.

Azkenik, Kontseiluko kideek Euskararen II. Plan Estrategikoa (2020 - 2027) egiteko prozesua eta kronograma ezagutu dituzte, eta parte-hartze sozialeko prozesu batekin osatuko da.

Kontseilua

Nafarroako Euskararen Kontseilua Nafarroako Gobernuaren kontsulta-organoa da hizkuntza-politikaren arloan. Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko kontseilaria du buru, eta erakunde publikoak eta pribatuak daude ordezkatuta, bai eta euskararen eta euskal kulturaren gizarte-esparrua ere: Nafarroako Gobernua (Euskarabidea eta beste departamentu batzuk), Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Nafarroako Kazetarien Elkartea, euskara sustatzen duten kultura-elkarteen edo gizarte-ekimeneko erakundeak eta pertsona ospetsuak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!