Bakarkako eta taldekako entrenamenduen faseak gainditu ondoren, gaur, goizeko 9:30etik, Osasuna talde bakar batean ari da; ia hiru hilabete igaro dira modu horretan azken aldiz aritu zineretik. Hala, hamalau egun izango dituzte txapelketaren itzulerarako prestatzeko. Izan ere, Osasunak dagoeneko badaki noiz itzuliko den LaLiga Santanderrera: ekainaren 14an.
Azken partida jokatu eta hiru hilabetera, talde gorritxoak datorren igandean, hilak 14, jokatuko du Realaren aurka, 22:00etan, Donostiako Reale Arenan. Hiru egun geroago, torneoa Nafarroara itzuliko da. Jagoba Arrasateren jokalariak Atletico Madrilen aurka arituko dira asteazkenean, ekainaren 17an, 22:00etan, Sadarren.
Zelaiak oso itxura ezberdina izango du martxoaren 8an Espanyolen aurka jokatu zuten azken partidan zuenarekin alderatuta. Urrun geratzen da partida hori, izan ere. Haiek jakin gabe, jokalarien eta zale gorritxoen arteko agurra izan zen.
Pandemiaren ondorioz, futbolak ateak itxita jarraituko du, eta hori baliatu du klubak estadioaren eraberritze eta handitze lanekin aurrera egiteko.
Beraz, liga amaitu aurretik geratzen zaizkion hamaika partidetatik bi non eta noiz jokatuko dituen jakin ahal izan du Osasunak. Azken txanpa horren faltan, Nafarroako taldea sailkapeneko hamaikagarren postuan dago, 34 punturekin. Geratzen diren partidetan borrokatuko da lehen mailan jarraitzeko, futbolaren elitera itzuli den urtean.