‘3 Caminos’ telesailaren filmazioari berrekin diote

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 29a, 14:56
Telesailaren aurkezpena, Baluarten. (Argazkia: Navarra Film)

Amazon Prime Videoren telesail bat da, Done Jakue bidean oinarritutakoa, eta zati bat Nafarroan kokatuta dago. Urte hasieran hasi ziren filmatzen, baina eten behar izan zuten. 

Lehen bi zatiak grabatu eta gero, bertan behera utzi behar izan zuten 3 Caminos telesailaren filmazioa; eta orain, itxialdia arintzeko prozesuak aurrera egiten duela baliatuta, lanari berrekin diote.

Telesaila Done Jakue bidean oinarrituta dago, eta lehenengo zatia Nafarroan kokatuta dago. Ficcion Producciones ekoiztetxe galiziarraren lan original bat da, Amazon Prime Videorekin elkarlanean; Tito Lopezek eta Iñaki Mercerok zuzendu dute, eta aktore nagusiak Alex Gonzalez eta Veronika Exegi dira. Filmaketa Nafarroan egiteko, ekoiztetxeak Turismoko zuzendaritza nagusiarekin lankidetzan aritu da.

Leireko monasterioan abiatu dituzte filmaketak; eta Nafarroako beste 31 toki  gehiagotara joango dira; tartean, besteak beste, Eunate, Erro eta Gares. Ondoren, Santiagoko bideak hartzen dituen beste toki batzuetan jarraituko dute, betiere toki bakoitzaren osasun baldintzetara egokituta. 

Telesailak erakusten ditu Done Jakue bidean elkartzen diren hainbat gazteren bizipenak, eta euren istorioen garapena, bidean aurrera egin ahala. Beraz, Done Jakue bidea da lanaren oinarria, baina, horren gaientik, batez ere, laguntasuna. Horixe azpimarratu dute aktoreek.

Alarma egoera ezarri zenetik kamerak piztu dituzten lehen proiektuetako bat da, eta itxialdia leuntzeko prozesu betean egin izanak, neurriak hartzera behartu ditu, hala nola PCR probak egitera, maskara erabiltzera eta taldekideen arteko kontaktua murriztera. 

Urte hasieran egin zituzten filmaketaren lehen bi atalak, eta hau izango da azkenekoa. Aurreikusitako epeak betez gero, telesaila urte amaieran estreinatuko dute, Amazonen Prime Video bidez.

Hala ere, ez da hau pandemiaren ondorioz eten egin behar izan zuten filmaketa bakarra; zehazki, Nafarroan 33 geroratu behar izan zituzten. Baina gutxinaka, ikus-entzunezkoen sektorea ere berpizten ari da, eta aurki berrekingo diete horietako gehienen grabaketa lanei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!