Iker Vicente errekor berri bat lortzen saiatuko da, ikerkuntzarako dirua biltzeko

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 29a, 09:33
Iker Vicente, Euskalerria irratiko Reyes Ilintxetarekin hizketan, artxiboko argazki batean.

Hamalau enbor mozten saiatuko da, 27:17 baino gutxiagoan, helburu solidario batekin: birusaren aurkako dirua biltzea.

Iker Vicente Saralegi otsagabiarrak erronka solidario bati aurre egingo dio ekainaren 14an, igandearekin, 12:15ean, Nafarroa Arena aretoan. Enborrak mozteko errekorra lortzen saiatuko da, koronabirusaren ondorioak arintzeko ikerketarako dirua biltzeko.

Erronka 54 kanaerdikoko hamalau enbor ebakitzea izango da, 27 minutu eta 17 segundo baino gutxiagoko denboran. Marka hori 1995eko abuztuaren 15etik dago indarrean: Donato Larretxeak lortu zuen, Donostian egindako proba batean.

Errekor saiakera ETBk emango du, eta seinalea bere lehen katean zabalduko du, baita nazioarteko kanalean eta streaming bidez ere. Horrela, ahalik eta ikusle gehienengana iritsiko da.

Pandemiaren aurka borrokatzen lagundu nahi duten enpresen edo partikularren ahalik eta ekarpen ekonomiko gehien lortzea da Vicenteren helburu solidarioa. Ekarpen horiek CIMAra, ikerketa mediko aplikatuko zentroara, zuzenduko dituzte zuzenean, zeinak covid-19ari aurre egiteko hainbat proiektu baititu irekita.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!