Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak kudeatuko dute gutxieneko diru sarrera

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 28a, 09:31

EAJk eta Espainiako Gobernuak adostu dute kudeaketaren transferentzia. 

Nafarroako Foru Erkidegoak eta Euskal Autonomia Erkidegoak osorik kudeatuko dute ostiral honetan Espainiako Gobernuak onartuko duen gutxieneko diru sarrera. Hala erabaki dute EAJk eta Espainiako Gobernuak. Testua gutxieneko diru sarrera onartzen duen Errege Lege Dekretuari erantsiko zaio.

Andoni Ortuzarrek eta Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak gaur goizean itxi dute akordioa, negoziazio prozesu baten ostean, zeinetan Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu duen. 

EAJk eta Madrilgo gobernuak sinatutako itunaren arabera, 2020ko urriaren 31 baino lehen eskualdatuko zaie laguntza horren kudeaketa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari eta Nafarroari. Ordura arte, administrazio eskudunek kudeaketa-gomendio bat adostuko dute, neurriaren onuradunei arreta emateko, EAJk Kongresuan duen taldeak jakitera eman duenez.

Diru sarrera bateragarria izango da diru sarrerak bermatzeko errentarekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta errenta bermatuarekin Nafarroan.

Hala, Hego Euskal Herrian bizi den edonork, oinarrizko errenta berria jasotzeko baldintzak betetzen baditu, gobernu autonomikoaren bulegora joan beharko du, prestazioa jaso ahal izateko. Laguntza sozialetarako baldintzak ere betetzen baditu, osagarri hori bere poltsikotik emango diote EAEk edo Nafarroak. Gutxieneko diru-sarreran sartzen ez direnek errenta autonomikoak eskatzen jarraitu ahal izango dute, orain arteko baldintza berberetan. Alegia, inork ez du gutxiago kobratuko, baina ezta bikoitza ere.

PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak EH Bildurekin lan erreforma bertan behera uztea adostu izanarengatik EAJk haserrea agertu eta egun gutxitara heldu du ituna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!