Berrehun preso ohik manifestu bat sinatu dute Patxi Ruizen eta gainerako presoen eskubideen alde

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 27a, 09:27
Argazkia: Ekinklik Argazkiak.

Txantreako preso ohiek martxan jarritako manifestuak euskal preso politikoak espetxeetatik bultzatzen ari diren aldarrikapenen inguruan “indarrak batzeko” eskatzen du. Presoak Euskal Herrira hurbiltzeko eta haien eskubide guztiak errespetatzeko eskaeran egiten du azpimarra.

Manifestua bultzatu duen Txantrea auzoko preso politiko ohien taldeak "oso positibotzat" jo du deialdiari emandako erantzuna, berrehun bat euskal preso eta preso politiko ohik sinatu baitute idazkia. 

Ekimenarekin, kartzeletan sortutako aldarrikapenei babesa eman nahi diete, eta Patxi Ruiz Txantreako bizilagun eta preso politikoaren egoera kezkagarria "salatzeko, babesteko eta konpontzeko" mekanismoak martxan jartzeko konpromisoa agertu nahi dute. Dinamikak, Ruizen egoera nabarmentzeaz gain, bere aldarrikapenak azpimarratzen ditu, kartzelako sistemari eta koronabirusaren ondorioz ezarritako bizi baldintza gogorrei erreferentzia eginez.

Idatzian nabarmendu dutenez, euskal preso politikoek pairatzen duten eskubide urraketak salaketa eta erantzun "iraunkorra" eskatzen du. Halaber, gaineratu dute, ahal duten neurrian, ekimen berriak sortzen joango dira, eta "inertziak gainditzen eta euskal preso politikoak aberriratzeko bidean aurrera egiten" lagunduko duten lan-espazioak irekitzen lagunduko dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!