Ostalaritzako Enpresa Txikien Nafarroako Elkarteak (Anapeh) atzo ohar baten bidez adierazi zuen, ostalaria ezin dela izan “lokaletako terrazetan ordena eta lasaitasuna mantentzearen arduradun bakarra", eta azpimarratu zuen "bezeroen laguntza eta erantzukizuna” ere beharrezkoak direla.
Elkarteak adierazi duenez, hainbat taberna zigortu dituzte terraza gaizki erabiltzeagatik, baina “gehiago dira betebeharrak betetzen dituztenak”. "Azken kasu horietan ere, agintariek publikoaren erantzukizuna baloratu behar dute zigortu aurretik”, Anapeh-ren arabera.
Dena dela, kontrol osoa profesionalen bizkar gainean jartzea "bidegabea" dela azpimarratu du, eta tabakoaren legearekin gertatutakoarekin alderatu du. Elkartearen ustez, ostalariaren eta bezeroaren erantzunkidetasunaz jabetu beharra dago; “hau da, herritar guztiena”. "Antzezten ari garen antzezlanaren aktoreak gara denok, eta ez dugu atzerapausorik eman nahi”.