Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak bainatzeko gune naturalak eta horiek erabiltzeko protokoloa arautzeko zain dago Nafarroa. Horri buruzko arau zehatzik egiten ez bada, foru gobernuak interpretatzen du hondartzei buruzko araudia izan beharko litzatekeela Nafarroako bainu-eremuetarako gida erabilgarria.
Horrela, Nafarroako hamaika bainu gune naturaletatik lau —Beriaingo Moreako urmaela, Lizarrako ur gaziko iturburua, Allozko urtegia eta Tuterako Pulger urmaela— irekiko lituzkete, datorren maiatzaren 26tik irailaren 1era arte. Gainerakoek uztailaren 13ra arte itxaron beharko lukete.
Nahiz eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko Ingurumen Osasuneko Atalak adierazi Nafarroako bainu naturaleko guneak irekitzea posible dela, deseskaladaren bigarren fasean sartzean, hondartzen irekierarekin batera, exekutiboa Osasun Ministerioaren jarraibide zehatzen zain dago.
Horrela, eta bainatzeko gune horiek noiz eta zein baldintzatan erabili ahal izango diren oraindik zehaztu gabe badago ere, Nafarroako Gobernua dokumentu bat lantzen ari da, igerilekuak eta bainatzeko gune naturalak irekitzeko baldintzak zehazteko. Dokumentua kutsatzeak saihesteko gomendio orokorren ildotik joango da.
Orain arte adierazi dute uraren kalitatea ona bada bainatu egin daitekeela, baina koronabirusaren faktore berriak aukera hori airean mantentzea eragiten du. Osasun Sailaren jarraibideen zain, Ingurumen Osasunak ziurtatu du protokolo aurreratuak dituztela eta Nafarroa prest dagoela bainatzeko gune naturalak eta igerilekuak irekitzeko.