Zoologiko eta akuarioen inguruko “gezurrak" agerian utzi ditu Nor kolektiboak ikerketa batean

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 20a, 10:44

Nor talde antiespezistak aztertu du zer egoeratan dauden animaliak Euskal Herriko zoologiko eta akuarioetan. Salatu du zentro horiek hezkuntza eta kontserbazioaren aitzakia darabiltela, baina “kontsumorako espazioak” besterik ez direla.

“Egungo kapitalismo espezistaren logikak eusten die milaka eta milaka norbanako zapaltzen dituzten zoo eta akuarioei, eta logika horren arabera, gizakiz bertzeko animaliak etekin ekonomikoa lortzeko salgai hutsak dira. Animalion zaintza, espezien kontserbazioa eta ingurumen heziketa  zapalkuntzaren logika hori ezkutatu nahi duten etiketak baino ez dira”. Nor Euskal Herriko talde anbtiespezistaren hitzak dira. 2019ko udan, kolektiboak hainbat zoologiko eta akuario ikertu zituen, Euskal Herrian eta inguruan. Zehazki, “esplotazio zentrotzat” jotzen dute zortzi toki bisitatu zituen: Nafarroako Senda Viva, Donostiako Aquariuma, Miarritzeko Itsas Museoa, Bizkaiko Karpin eta Basondo, jada itxi duten Getxoko akuarioa, Kantabriako (Espainia) Cabarcenoko eta Santillanako zoologikoak. Horietan 14.500 norbanako baino gehiago indarrez itxita daudela salatu du taldeak.

Nor-entzat, zortzi zentroek ezaugarri berberak konpartitzen dituzte: “Gizakiz bertzeko animaliak salgai bilakatzen dituzten zapalkuntza zentroak dira, eta, ondorioz, gizakion etekin edo interes ekonomikoa gailentzen zaie bertze espezietako norbanakoen interesei”. 

“Animaliak ixteko zentroak” kontsumorako espazioak baino ez direla dio taldeak, eta prozesu horretan, zoologikoko dendako produktuek betetzen duten rol bera dutela animaliek: “Bisitariak haiengana ahalik eta gehien hurbiltzeko eta argazki bat egin dezaten daude itxita dituzten espazioetan”. Bestalde, kritikatu du urria dela bisitariek norbanako horien inguruan jasotzen duten informazioa, eta baita bisitariek horiei buruz zerbait ikasteko duten interesa ere. “Merkataritza gune handi batek betetzen duen funtzio bera dute zoologikoek eta akuarioek, baina kontserbazioaren eta heziketaren aitzakiaren babespean”.

Konfinamendua eguneroko hitz bilakatu den honetan, zoologikoetan eta akuarioetan dauden animalientzat bizimodu hori mugagabea dela nabarmendu dute. “Esplotazio zentro batetik bertzera joateko baino ez dituzte mugitzen, eta gizakion mendeko bilakatzen dituzte, beren bizitzetako ziklorik oinarrizkoenak ere kontrolatuz”. 

Animaliak, gaixo

Taldeak azaldu duenez, esplotazio zentro horietan hiltzen ez diren animaliak, gehienetan, gaixo egoten dira. Estereotipiak garatzen dituzte: hau da, helbururik gabeko mugimendu zehatzak errepikatzen dituzte behin eta berriz; batzuek gorputzeko ilea edo lumak kentzen dituzte; eta gerta daiteke ere animaliek goitika egitea, eta botatakoa berriz irenstea.

Nor kolektiboko kideek zuzenean ikusi ahal izan dituzte itxialdiak Euskal Herriko zoologikoetan eta akuarioetan diren norbanakoengan eragiten dituen ondorioak, eta ikerketak errealitate horren berri jaso du. “Estereotipiak dituzten animaliak badaude ia zentro guztietan, eta nabarmenak dira, bertzeak bertze, Donostiako Aquariumeko marrazoen eta Sendavivako hartz arreen kasuak. Arguedasko zoologikoan, tigreen artean ere nabarmenak dira estereotipiak. Oro har, zoologiko guztietako felino handiek badituzte zookosiaren sintomak. Hartzen artean, Sendavivakoak ez dira gaixo diren bakarrak, eta Bizkaiko Karpinen daudenek ere garatu dituzte estereotipiak”.

Azkenik, salatu dute, zentro horiek animalien aldeko errekuperazio lana egiten dutela esaten duten arren, hori ere gezurra dela. Ikerketaren arabera, azken urtean hogei animalia baino ez dituzte naturan aske utzi. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!