112 zerbitzuko langileek salatu dute “faltsuki” egotzi zaiela biztanleria zelatatzea

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 19a, 10:30

Hilaren hasieran Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen SOS Nafarroa-112 zerbitzua dron bidezko kontrol lanak egiten ari zela. Babes Zibileko LABeko atal sindikalak adierazi du informazio hori “erabat faltsua” dela. Azalpenak eskatu dizkio gobernuari. 

Hilaren hasieran, Nafarroako Gobernuak prentsa-ohar bat zabaldu zuen SOS Nafarroa-112 zerbitzuak dronen bidez ustez egiten dituen kontrol lanei buruz, herritarrek konfinamendua arintzeko prozesuan egiten dituzten hutsegiteak detektatzeko. Horren aurrean, Babes Zibileko LABeko atal sindikalak salatu du informazio hori “erabat faltsua” dela: “SOS Nafarroaa-112 aretoko langileok ez dugu egiten kontrol eta zelatatze lanik, ez dugu inoiz egin eta ez da gure zeregina”.

“Ez dugu ulertzen zer lortu nahi den informazio faltsu hori zabaltzearekin, baina argi geratzen da Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentuak ez dakiela zer den Babes Zibilerako Zerbitzua eta zer lan egiten dugun”, adierazi dute. Kritikatu dute haien nagusiek ez jakitea zein den euren eginkizuna, eta ezjakintasun hori “arduragabekeriatzat” jo dute. 

Babes Zibilerako Zerbitzuko eta Barne Zuzendaritza Nagusiko arduradunei eta departamentuari jakinarazi diete euren ezinegona eta eskatu diete zuzenketa publikoa egitea, herritarrek argi izan dezaten zein diren 112 zerbitzuaren zereginak eta, hala, larrialdi zenbakia erabiltzeko tenorean okerrik izan ez dadin.

“Nafarroako Gobernuak erantzunik eta zuzenketarik eman ez duenez, herritarrei jakinarazi behar diegu 112 zenbakia larrialdietako arreta zenbaki bat baino ez dela, eta dei horiei erantzuten diegun langileok ez dugula egin, ez dugula egiten eta ez dugula egingo herritarrak kontrolatzeko lanik”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!