Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuak, desgaitasuna duten pertsonentzako urteko inbertsioaren esparruan, hiru lankidetza hitzarmen sinatu ditu 2020ko lehen hilabeteetan sektoreko erakundeekin, 3.975.177 eurokotan. Tasubinsa, Down Sindromearen Elkartea eta Hogar Zoe dira, eta 670 pertsonari ematen diete laguntza.
"Beti babestu ditugu desgaitasunen bat duten pertsonen prestakuntza eta okupazio jarduerak, bai eta haien autonomia sustatzera bideratutakoak ere, baina, batez ere, egungo egoeran eta COVID-19 izurriteak eragindako krisian, are garrantzitsuagoa da gure gizarteko pertsona kalteberei laguntzea", adierazi du Mari Carmen Maeztu Gizarte Eskubideen kontseilariak agerraldian.
Zehazki, Tasubinsak 3.430.985 euro jasoko ditu desgaitasuna duten pertsonentzako zentro okupazionalen proiektua garatzeko. Adimen urritasuna duten 600 pertsona artatzen ditu Nafarroan banatuta dituen hamaika okupazio zentroetan: Elizondo eta Lakuntza, iparraldean; Ibaiondo (San Jorge), Orkoien, Beriain eta Burlata Iruñerrian; Tafalla, Villatuerta eta Zangoza, erdialdean, eta San Adrian eta Tutera, hegoaldean. Pertsona horiei arreta emateko, Tasubin SAk 94 profesional ditu guztira.
Bestalde, 44 pertsonak "Itaca sepap ocupacional" izeneko zentro okupazionalean parte hartuko dute, Nafarroako Down Sindromearen Elkartean. Gizarte Eskubideen Saila proiektu hau babesten ari da 2017an abian jarri zenetik.
Azkenik, 280.000 euroko diru laguntza emango diote Zoe etxea proiektuari, baliabide sozioekonomikorik, etxebizitzarik, gizarte laguntzarik edota familia laguntzarik ez izateagatik edo nahikoa ez izateagatik gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzat.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!