ELAk kritikatu du Ogasun kontseilariak “justifikaziorik gabekotzat” jotzea enpresei zergak igotzea

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 13a, 11:04

ELA sindikatuaren Nafarroako egoitza.

“Errenta altuei, enpresei eta kapitalari zergak handitu behar zaizkie bilketaren galerari aurre egiteko”, adierazi du sindikatuak.

Elma Saiz Ogasun kontseilariak Parlamentu Batzordean iragarri duenez, 2020an 818 milioi euro gutxiago biltzea espero dute (%20,2 gutxiago). Testuinguru horretan, ELAk kritikatu ditu Saizek egindako adierazpenak, "enpresei presio fiskala igotzea justifikaziorik gabekoa" dela iritzita. “Aurreikusitako diru bilketaren beherakadaren eta enpresei zergak igotzeari uko egitearen ondorioz, Nafarroako langileok ordainduko ditugu krisiaren ondorioak, aurreko krisialdian gertatu zen bezala”, adierazi du sindikatuak.

ELAk gogorarazi du Nafarroan dagoela Sozietateen gaineko Zergak BPGan duen pisu txikiena (%1,2, Espainiako Estatuko batez bestekoaren %2,4ren aldean), eta presio fiskala Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatuz gero, urtean 1.638,9 milioi euro gehiago bilduko liratekeela. “Datu horien arabera, Nafarroan zerga sistema bidegabea eta eskasa dugu, eta, gainera, enpresei iruzur fiskala egiteko aukera ematen zaie”, kritikatu du.

ELAren iritziz, egoera horretatik bidezko irteera bermatzeko “ezinbestekoa” da errenta altuei, enpresei eta kapitalari zergak handitzea, austeritate politikak alde batera utziz eta gastu arauaren mugak eta defizit mugak hautsiz. 

Halaber, nabarmendu du aldarrikapen horiek ez direla elkarrizketa sozialaren barruan lortuko: “Dagoeneko frogatu da parte hartzaileen biziraupen ekonomikoa bermatzea izan dela aldarrikapen horien erabilgarritasun bakarra”. Hortaz, esan du “aktibazio sozialak eta mobilizazioak” soilik lortu ahal izango dutela.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!