Herritarrak denda eta tabernetara itzuli dira, baina kezka oraindik ez da desagertu

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 12a, 09:39

Establezimendu askok ireki zituzten ateak atzo, eta mugimendua itzuli zen Iruñeko kaleetara. Hala ere, kezkek eta zalantzek hor jarraitzen dute, eta batzuek nahiago dute ez ireki.

Itxialdia leuntzeko prozesuko lehen fasera hasi zen atzo Nafarroan, eta merkataritza jarduerara mugimendua itzuli zen. Fase honetan, tabernek terrazak ireki ditzakete, edukieraren %50ean, eta gehienez hamar pertsona egonda elkarrekin mahaietan; eta 400 metro koadro baino gutxiagoko saltokiek ere ireki ahal dute, hitzordurik eskatu gabe, baina %30eko edukierarekin. 

Hala, establezimendu askok ireki zituzten ateak, mugei eta eta higiene protokoloei buruzko zalantzak gorabehera: Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkartearen arabera, %50ek. Hala ere, beste batzuek nahiago izan zuten aurrerago arte itxaron. Ez dago ordutegi tarterik establezimenduetara eta tabernetako terrazetara joateko, eta ondorioz, mugimendua nabaritu zen Iruñeko kaleetan.

Establezimendu gehienek kartel bat jarri zuten, zenbat pertsona sar daitezkeen zehaztuz eta bezeroen artean mantendu beharreko bi metroko distantzia fisikoa gogoraraziz. Nafarroako Gobernuak, halere, erantzukizunerako deia egin zuen berriz ere, segurtasun eta higiene neurriak betetzeko.

Nolanahi ere, berriro irekitzea ez da errentagarria guztientzat, eta ostalaritza establezimendu askok erabaki zuten ez irekitzea, eta tabernak berregokitzen hastea, murrizketa gutxiagorekin ireki ahal izateko hurrengo faseei begira. Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkartearen arabera, %30 inguruk ireki zuten. 

Merkatariak, gogotsu

Berrirekitzean, merkatariek eta ostalariek nabaritu zuten bezeroek gogoak zituztela establezimenduetara joateko erosketak egitera. Elkarteak azpimarratu zuen atzoko irudiak ez zuela zerikusirik azken bi hilabeteetako egoerarekin. Saltokien irekiera orokortua izan zela adierazi zuten, eta ez zela inolako arazorik egon jendearen pilaketei dagokienez, eta bezeroek uneoro bete zituztela arauak.

Nabarmendu zuten merkatariek ere gogo handia zutela establezimenduak berriro irekitzeko, eta prest daudela itzultzeko, segurtasun osoz. Ildo horretan, elkarteko kide diren establezimenduei kartel identifikatzaile batzuk banatu zizkieten, bezeroek jakin dezaten "seguruak" direla eta erakundeek ezarritako neurriak hartu dituztela.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!