LABek, SEPNAk eta UGTk kritikatu dute Hezkuntza Sailak itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako langileekiko duen “axolagabekeria"

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 8a, 10:33

Nafarroako Itunpeko Irakaskuntzako Akordioa sinatu zuten hiru sindikatuek haserrea adierazi dute Hezkuntza Departamentuak ez dielako informaziorik helarazi azken bi hilabeteetan.

LAB, SEPNA eta UGT sindikatuen arabera, bilera bat eskatu diote Hezkuntza Departamentuari, baina “itxaron behar dutela” erantzun die. Departamentuaren “axolagabekeria” salatu dute. 

Hiru sindikatuen kezkak bi oinarri ditu: batetik, indarrean dagoen Nafarroako Itunpeko Irakaskuntzako Akordioa luzatuta dago ekainaren 30era arte, Hezkuntza Departamentuak iazko irailean luzatu baitzuen. Aurrekontuak onartu baziren ere, akordioko puntu garrantzitsuak bete gabe daude oraindik —2020ko %2ko igoera eta 2012ko soldata murrizketen leheneratzea—, eta sindikatuek ez dakite ekainaren 30etik aurrera zein egoeratan egonen diren. Bestetik, larrialdi egoeraren ondorioz, Nafarroako hezkuntza sistemari eragiten dioten erabakiak hartzen ari dira, baina itunpeko irakaskuntzako sindikatuei ez zaie inongo informaziorik eman, ezta kontsultarik egin ere.

“Gure kezka eta haserrea agertu nahi dugu akordioan eta Departamentuarekin izandako bileretan hartutako konpromisoak airean daudelako eta Nafarroako ikasleriaren ia %40z arduratzen den langileria, berriz ere, bigarren mailakotzat hartzen duelako”, adierazi dute. “Axolagabekeriaren beste erakusleak Itunpeko Akordioaren Jarraipen Batzordearen bilerarik deitu ez izana edota, are larriagoa dena, azken bi hilabete hauetan jasaten ari garen alarma egoera honetan eta Nafarroan hezkuntza osoari dagozkion erabakiak  hartzen ari denean, erabaki horiek langileen ordezkariekin ez partekatzea, administraziopeko lankideekin egiten duen moduan”.

Egoeraren larritasuna dela eta orain arte “presiorik sartu nahi izan ez” dutela esan dute, baina azaldu dute jada hezkuntzari lotutako zenbait gai argitu direnez, duela aste bat bilera eskatu zutela eta oraindik ez dutela erantzunik jaso. Hezkuntza Departamentuak eta Carlos Gimeno kontseialriak itunpeko eta ikastoletako langileekiko duen “axolagabekeria” kritikatu dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!