Erregulazio espediente batek kaltetutakoen %30ek ez du bere enplegua berreskuratuko

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 8a, 08:57

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak 54.749.094 euro ordaindu dizkie, guztira, 58.981 pertsonari prestazioetan. Ordaintzeke dutenek bankuen bidez jasoko dute prestazioa, atzo Espainiako Gobernuak iragarritakoaren arabera.

Enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente batek kaltetutako 3,4 milioi langileetatik milioi bat baino gehiagok ez dute lanpostua berreskuratuko. Hala uste du Erantzukizun Fiskaleko Agintaritzak, zeinak aurreikusten baitu espedienteren batean murgilduta dauden langileen %30ek lanpostua galduko dutela urte amaierarako.

Espainiako Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen arabera, Nafarroako Barne Produktu Gordinaren %5eko beherakada izan da urteko lehen hiruhilekoan, eta %3,8ko jaitsiera urte arteko tasan. 

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) 54.749.094 euro ordaindu dizkie, guztira, 58.981 pertsonari prestazioetan, ERTEk kaltetutakoen eta langabeziagatiko edo beste kontzeptu batzuengatiko banakako prestazioen artean. Prestazio guztietatik, 40.937 apirilean aitortu dira.

ERTE baten eraginpean daudenen kasuan, ordainketa maiatzaren 2tik 4ra bitartean egin da, ohiko data (hilaren 10a) baino lehenago.

Kaleratuak izan diren edo ERTE baten eraginpean dauden langileek, langabezia-prestazioa kobratzeke badute oraindik, ez dute hurrengo hilaren 10era arte itxaron beharko beren nomina sartzeko. Bankuak arduratuko dira diru hori aurreratzeaz, eta SEPEko langileek prestazioak tramitatu ahala ordainduko diete. Hala iragarri du Espainiako Gobernuaren Lan Ministerioak AEB, CECA eta UNACC banku elkarteekin lankidetza hitzarmena sinatu ostean.

Ildo horretan, Jose Luis Arasti Nafarroako Gobernuko ordezkariak adierazi duenez, babestutako langile horiek biztanleria okupatuaren %27 dira. Horiei etxe erregimenerako eta aldi baterako langileentzako prestazio berrien onuradunak gehituko zaizkie datozen asteetan, "biak ere gure herrian argitaratu gabeak; beraz, babestutako langileen kopurua handitu egingo da", adierazi du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak ohar baten bidez.

Gainera, Arastik nabarmendu duenez, Nafarroan "13.542 autonomok jaso zuten apirilaren 30ean jarduera uzteagatiko aparteko prestazioa". Halaber, azpimarratu duenez, "gobernuak lan egiten du COVID-19ren ondorioz ERTE batera halabeharrez jo duten enpresek, astelehenetik aurrera beren jardueraren zati bat itzultzen badute, espedientetik atera ahal izan ditzaten behar dituzten langileak, baita lanaldi partzialekoak ere".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!