Nafarroako Gobernua Espainaiko Gobernuko Osasun Ministerioarekin konpartituko dituen datuak prestatzen ari da, bigarren horrek erabakiko baitu Nafarroa prozesuaren hurrengo fasera igaroko den ala ez. Hala ere, gobernuak jakinarazi duenez, herri bakoitzeko egoera aztertuko dute, eta, tokiren batean gaixotasunaren berragertzeren bat izanez gero, neurriak hartuko dituzte.
Bihar eta ostiralean Nafarroako egoera aztertuko dute Osasun Ministerioarekin, eta, printzipioz, larunbatean, Madrildik iragarriko dute lehenengo fasera igaroko den ala ez. Balizko urrats horri dagokionez, Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiak atzo berriro aipatu zuen, prentsaurreko telematiko batean, “foru asimetria" kontzeptua; alegia, balitekeela lurralde barruan egoera desberdinak egotea.
Halaber, “normaltasun berrirantz" aurrera egin ahal izateko informazio sistema "oso zehatza" funtsezkoa izango dela nabarmendu zuen Artundok, egunez egun pandemiaren egoera ezagutu ahal izateko, gaitzaren agerraldiren bat gertatuz gero azkar erreakzionatzeko. Ildo horretan, udalerriren batean atzera eginez gero, neurriak berehala hartuko dituztela esan zuen.
Egungo fasearen garapenari dagokionez, etxetik kanpo ordu jakin batzuetan paseoak eta kirola egitea ahalbidetzen duena, Artundok "balorazio positiboa" egin zuen, "pertsona gehienek seriotasunez jokatu dutelako". Hala ere, kanpora irtetean distantziak une oro gordetzeko beharra azpimarratu zuen.