Nafarroako adinekoen egoitzetan %44,6ko jaitsiera izan da azken astean Covid-19 kasuetan, baik bat alta epidemiologikoak bikoiztu egin direlako, 223tik 421era. Gaur egun, adinekoentzako egoitzen %60,6an (71tik 43n) ez da koronabirus kasurik erregistratu, Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuak emandako datuen arabera.
Zifra horiek are positiboagoak dira desgaitasunen bat dutenen zentroen kasuan; izan ere, horietan, birusak eragindako pertsonen kopuruak %65,4 egin du behera, eta, gainera, zentroen %81,6k (49tik 40k) ez du kasurik.
Egoitzetan gaixotasunaren punturik altuena detektatu zenetik, joan den apirilaren 13an (933 kasu baieztatu edo sintomekin), une honetan 510 kasu baieztatu dira; horietatik 491 egoitzetan daude eta 19 ospitaleratuta; beste zazpi pertsona Covid-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzte.
Martxoaren 8tik, egoitzetan 239 pertsona hil dira Covid-19 gaitza zutela baieztatuta. Beste 171, berriz, sintoma bateragarriekin hil dira, baieztatu gabe. Covid-19arekin zerikusirik ez duten beste arrazoi batzuengatiko egoitzetako heriotzak gehituz gero, epe horretan 597 izan dira. Adinekoen egoitzetako langileei dagokienez, 352 profesional bajan daude, eta joan den astean, berriz, 454. Horrek esan nahi du %22,4ko jaitsiera izan dela astebetean.
Desgaitasunen bat duten pertsonentzako zentroei dagokienez, Covid-19 kasuek %65,4 egin dute behera joan den apirilaren 9an izan zen puntu gorenetik, eta une honetan 107 kasu daude baieztatuta edo sintoma bateragarriak dituzte. Astebetean, baieztatutako 63 kasu izatetik 37 izatera igaro dira, baina sintoma bateragarriekin jada ez dago kasurik. Bederatzi pertsona hil dira Covid-19arekin, eta hildakoak, guztira, hamar.
Bestalde, bajan dauden langileen kopuruak behera egiten jarraitzen du, eta une honetan 61 pertsona dira; aurreko astean 70 izan ziren.
Bisitak eta irteerak
Oraingoz, adinekoentzako zentroak ez dira bisitetara irekitzen, eta egoiliarrek ere ezin dute esparruetatik atera. Ez da hala gertatzen desgaitasunetakoekin, horietan irteerak egin baitaitezke, orokorrean ezarri diren ordutegi tarteetan.