Naparraren inguruko dokumental bat egiteko ‘crowdfunding’ kanpaina martxan jarri dute

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 4a, 11:53
Filmaketaren irudi bat, Eneko Etxeberriarekin, NBEren egoitzaren aurrean.

Jose Miguel Etxeberria ‘Naparra’-ren desagerpenetik berrogei urte bete behar direnean, Iñaki Alforja eta Iban Toledo zinemagileak auziari buruzko dokumental bat grabatzen ari dira. Proiektua aurrera atera ahal izateko, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarri dute abian, Verkami-ren bitartez. 

Jose Miguel Etxeberria Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetako (CAA) kidea zen, eta 1980ko ekainaren 11n desagerrarazi zuten. Batallón Vasco Español (BVE) talde parapolizialak hartu zuen bere gain Naparraren desagerpena. Haren autoa Ziburun agertu zen, Jendarmeriatik gertu. Naparraren aita jendarmeen deira joan zen hara, eta kotxearekin zer egin nahi zuen galdetu ziotenean, hark, minduta eta nahastuta, bolantea desmuntatu eta etxera eraman zuen. Bolante hori gertatutakoaren memoriaren sinbolo bihurtu zen. 

Berrogei urte igaro dira jada ordutik, eta Iñaki Alforja eta Iban Toledo zinemagileek auziari buruzko dokumental bat sortzea erabaki dute. Lan horretarako, Eneko Etxeberria, Naparraren anaia, atzera begira jarri da, hutsune luze horretan gertatutakoaz hausnartzeko. Izan ere, bera zein haren gurasoek bizitza osoa eman dute galdutako anaiaren eta semearen bila. Nazio Batuen Erakundera ere jo dute, eta NBEk gizateriaren aurkako delitutzat jo du azuia; beraz, ez du preskribatu.

Dokumentalean, Eneko istorioa ulertzeko funtsezko gakoak emango dituzten hainbat pertsonarekin izango da.

Gaur egun, familia, Espainiako zerbitzu sekretuetako kide ohi batek emandako lokalizazio batean bilaketa lanak noiz hasiko zain dago. Gorpuzkiak agertuko balira, zauria sendatzeko unea izango litzateke. "Gorpuzkiak agertuko balira, zauria sendatzeko unea izango litzateke. Ez da erabat itxiko, ez baitugu jakingo nortzuk izan ziren hiltzaileak, nork hil zuen eta zergatik”, adierazi dute dokumentalaren bultzatzaileek. “Gorpuzkiak agertuko ez balira, Enekok oinordetzan utzi beharko lizkioke bere 10 urteko Oier semeari bilaketa eta sufrimendua? Bere semeari pasatu behar al dio bolantea? ", galdetu diote beren buruari.

Proiektuaren bultzatzaileak

Iban Toledok eta Iñaki Alforjak sustatu dute egitasmoa. Esperientzia duten errealizadoreak dira: dokumentalak, publizitatea, bideoklipak, erreportajeak, eta bestelakoak sortu dituzte. "Proiektu honetan, Etxeberria familiarekiko elkartasunaz gain, norbanakoen eta taldeen eskubideetan oinarritutako memoria historikoari begiratzeko dugun konpromisoak mugiarazten gaitu", azaldu dute.

Produkzio arduraduna Lucia Ezker da. Milango Scuola Civica di Cineman zinema ikasi ondoren, Iruñera itzuli da eta fikzioan zein dokumentalean egiten du lan. "Dokumental honetan, istorioaren gertutasunak motibatzen nau, baita beste batzuenak lagundu eta aldatzeko balio dezaketen errealitateak erakusteko izan dezakeen eragin zuzenak ere", adierazi du. Proiektu honek hori "bikain" irudikatzen duela uste du: "Konpromiso sozial eta historikoagatik kontatu behar diren istorioetako bat da".

Proiektua Facebook-en jarraitu daiteke, eta informazio gehiago eskuratu daiteke www.historiadeunvolante.com webgunean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!