Gaurtik aurrera, 0 fasearen hasieratik, establezimendu txikiak berriro ireki ahal izango dira, baita 400 metro karratu artekoak eta zenbait zerbitzu ematen dituztenak ere, eta horietara aurrez hitzordua eskatuta sartu ahal izango dira, langile bakoitzeko bezero bakar bat egongo dela bermatzeko. Langileek beharrezkoa den denbora soilik eman beharko dute lokalean, eta ezin izango dute itxarote eremurik prestatu lokalen barruan.
Gainera, hori guztia segurtasun eta higiene neurri handiekin egin beharko dute. Aireztapen egokia bermatu beharko dute, eta zakarrontziak izan beharko dituzte, ahal dela estalkiarekin eta pedalarekin. Zakarrontziak maiz garbitu beharko dituzte, egunean behin gutxienez, eta bezeroei gel desinfektatzailea eman beharko diete. Egunean bitan gutxienez, saltokia garbitu eta desinfektatu beharko dute, ukitzen diren gainazaletan arreta berezia jarriz, hala nola heldulekuetan, erakusmahaietan, eskudeletan edo banaketa makinetan, besteak beste.
Saltokietako derrigorrezko garbiketetako bat lanaldiaren amaieran egin beharko da; bestea, berriz, egunean zehar egin ahal izango da, ahal dela eguerdian. Gainera, bezeroek ezingo dituzte dendetako komunak erabili.
Bestalde, artxiboek gaurtik aurrera ireki ahal izango dituzte ateak. Zerbitzuak, ahal dela, bide telematikoz emango dira; hala ere, guztiz ezinbestekoa denean, herritarrek aurrez aurreko kontsulta eskatu ahal izango dute, aldez aurretik hitzordua eskatuta.
Era berean, berriro baimenduko dira obrak egitea, kanpoko pertsonekin inolako interferentziarik ez badute, edota eraikineko lokal, etxebizitza edo bestelako eremu mugatuetan egiten badira eta obrek dirauten bitartean egoiliarrek sarbiderik ez badute.
Garraio publikoetan derrigorrezkoa izango da maskarak erabiltzea, eta egungo erabilera baldintzak mantenduko dira. Hala ere, kasu jakin batzuetan nolabaiteko malgutasuna egongo da, hala nola, arnas gaixo kronikoekin, antsietatea duten pertsonekin edo haurrekin.
Berrikuntzak
Espainiako Gobernuak hainbat berrikuntza iragarri zituen atzo. Horien artean, beilatokietara, ehorzketetara eta eliz zeremonietara joateko malgutasun handiagoa dago. Aire zabalekoak badira, gehienez hamabost lagun joan daitezke beilatokietara, eta hamar pertsona, berriz, leku itxietan egiten badira.
Halaber, 1. fasetik aurrera, ostalaritza establezimenduetako terrazetan baimendutako edukiera %30etik %50era handitzea erabaki du Espainiako Gobernuak, eta hamar pertsona arteko bilerak egiteko aukera ere emango du.