'Prestaketa' fasea: aldaketak, itxialdian

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 3a, 12:00

Argazkia: Ekinklik

Itxialdia arinduko duen 0 fasea sartuko da indarrean bihar astelehena. Hauek dira Espainiako Gobernuak baimenduko dituenak:

  • Astelehenetik aurrera derrigorrezkoa izango da maskarak erabiltzea garraio publikoan.
  • Denda txiki eta negozio batzuek lan egin ahal izango dute, baina edukiera murriztuta eta txanda hartzen duten bezeroentzat bakarrik. Lokal horiek mostradorea, manpara edo, hori posible ez denean, norbera babesteko ahalik eta gehien bermatu beharko dute. Lehentasunezko arreta-ordutegi bat ezarriko beharko dute 65 urtetik gorako pertsonentzat. Tartean dira liburudendak, ileapaindegiak, burdindendak, zapatarien tailerrak... 
  • Etxera eramateko janaria prestatzen duten jatetxe eta negozioek lanean hasi ahalko dute.
  • Hildakoei beilak egiteko modua zehaztuko dute, taldea mugatuta.
  • Etxeko baratzeak lantzen utziko dute, baratze hori norbera bizi den herrian edo aldamenean baldin badago, eta segurtasun neurriak hartzen badira.
  • Kirolari federatu eta profesionalek banaka entrenatzen hasi ahal izango dute, denbora mugarik gabe, baina lurralde historikoaren barruan.
  • Leku publikoak prestatzen hasiko dira, segurtasun baldintza berrien arabera.
  • Lehentasuna emanen zaio telelanari, ahal den enpresa eta lanpostuetan. Mailakatzea lantokietako sarreran eta irteeran.

Aipatutakoak orain arte Espainiako Gobernuak iragarritako leuntze neurriei gehituko zaizkie. Apirilaren 26tik umeek kalera ateratzeko aukera dute, kilometro bateko eremuan, pertsona batekin, ordu batez eta egunean behin. Atzotik helduek ere dute aukera paseoan ateratzeko, egunean paseo bat eta kilometro bateko eremuan. Bakarkako kirol jarduerak ere onartuta daude, inorekin kontakturik izan gabe eta norbere herrian, mugetatik atera gabe.

Ordutegiei dagokienez, hiru tarte bereizi ditu gobernuak:

14 urtetik gorakoen paseoak eta kirola 06:00-10:00 eta 20:00-23:00
Menpekotasuna duten pertsonak eta 70 urtetik gorakoak 10:00-12:00 eta 19:00-20:00
Haurrak 12:00-19:00

5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan ez da ordutegirik aplikatuko eta 6:00tik 23:00tara atera ahal izango da paseo zein kirola egitera.

Fase bakoitzak gutxienez bi aste iraungo du. Epe hori gaindituta, lurralde bakoitzak dituen ezaugarrien eta epidemiaren une horretako bilakaeraren arabera erabakiko da hurrengo fasean sartu edo ez. Espainiako Gobernuak hartuko du erabaki hori.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!