LABek antolatutako auto karabanen debekua berretsi du Nafarroako Auzitegiak

Euskalerria Irratia 2020ko api. 30a, 15:28

  • CGT, ESK, Solidari eta Steilas sindikatuek antolatutako ekitaldi "sinbolikoa", berriz, baimendu egin du auzitegiak. 
  • Espainiako Gorbernuaren ordezkaritzak debekatu zituen ekitaldiak, eta sindikatuek helegitea ezarri zuten.

Espainiako Gobernu Ordezkaritzak LAB sindikatuari ezarritako debekuak berretsi ditu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak. Bihar 10:00etatik aurrera eta 90 minutuko iraupenarekin, Iruñean, Tafallan, Lizarran eta Sakanako hainbat herritan auto karabanak egin asmo zituen sindikatuak.

Magistratuek argudiatu dute manifestazio hori "dinamikoa" dela, bai prestatzeko orduan, bai ondoren garatzeko eta betearazteko orduan. Salaren arabera, martxa hori "denboran zabala" da – ordu eta erdiko iraupena du –, eta "kuantitatiboki esanguratsua" da parte-hartzeari dagokionez; izan ere, karabanetako bat hainbat udalerritatik igarotzea aurreikusita zegoen, eta haietatik sartu eta atera nahi zuten, baina ezin dira modu eraginkorrean kontrolatu bai deitzaileek eskainitako segurtasun-neurriak, bai osasun-agintariek eskatutakoak.

Epaileen ustez, "kasu honetan arriskua nabarmena da mugituko diren ibilgailuen kopurua, karabana aldarrikatzailearen iraupena kontuan hartuta, eta Sakanarako aurreikusitako martxaren kasuan bereziki bizia da, bost herritatik (Etxarri Aranaz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Altsasu) sartu eta ibilbidea eginez, turismoak desinfektatzeko neurririk proposatu izan gabe".

CGT, ESK, Solidari eta Steilas sindikatuen ekitaldia, baimendurik

CGT, ESK, Solidari eta Steilas sindikatuek baimena eskatu zioten Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari, maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, Baratxurien plazan ekitaldi "sinboliko" bat egin ahal izateko. Ordezkaritzak baimena ukatu zien, koronabirusaren krisiak eragindako alarma egoera dela eta. Nafarroako Auzitegiak, ordea, baimendu egin du ekitaldia. 

Baimendutako ekitaldian, magistratuek uste dute kontzentrazio "estatikoa" dela, ez dinamikoa, laburra, berrogei minutukoa; sei pertsonak baino ez dute parte hartuko, eta, era berean, haien arteko segurtasun-tarteak gordeko dituzte, eta osasun-agintariek emandako higiene-neurriak errespetatuko dituzte.

Epaileek diotenez, gainera, ekintza hori kuantitatiboki txikia da parte-hartzeari dagokionez, eta, beraz, osasun-agintaritzak eskainitako segurtasun-neurriak eta eskatutakoak – Nahitaez bete beharrekoak – Eraginkortasunez kontrolatu ahal izango dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!