Hiru hildako eta 21 positibo berri erregistratu dituzte Nafarroan

Euskalerria Irratia 2020ko api. 30a, 11:24

  • Guztira, 4.815 positibo eta 451 hildako izan dira pandemia hasi zenetik.
  • 31 lagun gehiago sendatu dira; osotara, 2.113 dira sendatutakoak.

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioaren datuen arabera, azken 24 orduetan 21 koronabirus kasu berri erregistratu dituzte, PCR proba bidez baieztatutakoak; hazkundea %0,4koa izan da. Epidemia hasi zenetik erregistratutako positiboen kopurua 4.815 da. 

Bestalde, hildakoen kopurua atzo emandakoa baino nabarmen apalagoa da. Azken 24 orduetan hiru pertsona zendu dira koronabirusarekin, eta atzo Osasun Ministerioak eman zuen datua, berriz, askoz kezkagarriagoa zen: hamasei pertsona izan ziren. Aurreko egunean, gainera, ez zen hildakorik egon, eta atzoko albisteak alarmak piztu zituen. Aitzitik, Nafarroako Gobernuak atzo jakinarazi zuen akats bat izan zela dautak erregistratzeko eta jakinarazteko orduan, eta, ondorioz, atzo emandako zenbakia aurreko egunetako heriotzen pilaketa bat izan zela. Gorabeherak gorabehera, ordea, metaturiko heriotzen kopuru egokia eman dute uneoro; oraingoz, 451 dira hasieratik zendu direnak. 

Bestalde, hamalau lagun ospitaleratu behar izan dituzte, aurreko egunetan baino gehiago —herenegun, kasurako, sei zian ziren, eta astelehenean, berriz, hiru—, eta bi Zainketa Intentsiboetako Unitatean. 

Alde baikorrari begira, azkenik, 31 lagunek jaso dute senda agiria; osotara, 2.113 dira sendatutakoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!