Baratzeetan autokontsumorako lana baimentzeko eskatu dute Nafarroako 300 entitatek

Euskalerria Irratia 2020ko api. 29a, 15:11

97 udalek, 36 kontzejuk, udalaz gaindiko 5 erakunde publikok, landa-garapeneko 3 taldek, 18 alderdi eta talde politikok, 2 sindikatuk eta Nafarroako osoko 158 elkarte eta kolektibok eskatu diote Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzari garai honetako nekazaritza lan guztiak mugarik gabe baimentzeko.

"Planto egiten dugu, Nafarroak bere baratzetik jan nahi du". Hala sinatu dute Nafarroako 300 entitate baino gehiagok. Sinadurak bildu eta  Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara bidali dituzte murrizketak bertan behera uzteko eskatuz. 

Atxikimendu horiek Nafarroako udalen herena baino gehiago dira, ia geografia osoan banatuta. Horien artean daude: Zangoza, Olite, Tafalla, Aibar, Agoitz, Bera, Baztan, Leitza, Altsasua, Berriozar, Uharte, Zizur Nagusia, Mendigorria, Miranda de Arga, Lizarra, Lerin, Carcastillo, Murillo del Fruto edota Torralba del Rio.

"Elikadura eta nutrizio egokia gobernuek babestu eta sustatu behar duten eskubide unibertsala da, bereziki krisi garaian. Baina autokontsumorako baratzeei ezarritako murrizketen ondorioz, gehienak bertan behera utzi dira, isunen eta zehapenen beldur, urte osoko uztaren mende dagoen funtsezko une batean", adierazi dute sinatzaileek. Nafarroako familia askori elikagai freskoak, tokikoak eta sasoikoak hornitzeko duen funtsezko eginkizuna "gutxietsi eta ikusezin" utzi dutela salatu dute. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!