ELAk lanuzteetara deitu du apirilaren 30erako Hego Euskal Herriko Lidl denda guztietan.

Euskalerria Irratia 2020ko api. 29a, 14:21

Sindikatuak salatu du plantillen egoera “kritikoa” dela COVID-19aren krisia hasi zenetik. Lanuzteak 12:00etatik 12:30etara eta 17:00etatik 17:30etara izango dira.

Lidl supermerkatu kateko langileek eskatzen dute segurtasun neurri egokiagoak, edukiera kontrolatzeko eta bajak ordezteko langileak gehiago kontratatzea, gehiegizko orduak aparteko ordu gisa ordaintzea, gehiegizko esfortzua konpentsatzeko atsedena hartzea eta Lidlek iragarritako konpentsazio ordainsaria egokitzea, ELA sindikatuak ohar bidez azaldu duenez. 

“Apirilaren 28an enpresarekin egindako bileran, enpresak adierazi zuen adierazitako eremu guztietan neurriak hartzeko prest zegoela, konpentsazio ordainsaria izan ezik”, azaldu du ELAk. Konpensazioa 160 eurokoa izango dela esan du enpresak, eta ez du arrazoi ekonomikorik alegatu konpentsazio handiagoa ez ordaintzeko. Argudiatu du Nafarroan ezin dutela onartu estatu mailan onartutakoaz bestelako osagarri bat. 

Sindikatuaren ustez, “argi dago elikadura enpresak onura handiak lortzen ari direla alarma egoeran”. Salatu du enpresak krisi honetan plantillek hartutako konpromisoaz eta gehiegizko ahaleginaz baliatzen direla: “Eta onurak horiek sortzen dituztenengan, langileengan, eragin behar dute”. Alde horretatik, sektoreko langileek aitorpen publikoa eta “limosnetatik haratago doan aintzatespena” eskatzen dute, eta ildo horretan antolatu dituzte lanuzteak. 

ELAk aurretik ere bizi izan ditu Lidlekin negoziazio prozesu horiek, eta berretsi du egoerak bere horretan jarraitzen duela: “Errealitatea eta indar sindikala desberdinak dira hemen, eta eskatzen dugu lan baldintzen negoziazioak ez daitezela egin hemen langileek botoa eman ez dieten sindikatuekin”.

 

ELAk mobilizazioekin jarraituko duela iragarri du, Lidlek kolektiboari “bidezko ordaina” eman arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!