"Osasunik gabe, bizitzeko eskubidea bermatu gabe, ez dago beste ezer. Heriotza dakarren lanak ez du lana izaterik merezi. Are gehiago, soilik osasuna bermatuta duen gizarte batek izango du aukera jarduera ekonomiko arrunta izateko", adierazi dute sindikatuek ohar bidez.
Krisi honetan langile guztion osasuna arriskuan jarri dutela iritzi diote sindikatuek. Larrialdiaren kudeaketa "kontraesankorra" salatu dute: "Langileon bizitza kalean erabat kontrolatuta egon da, baina lanean gure bizitza arriskuan zenean ez da ikuskaririk etorri, bakarrik utzi gaituzte eta hala aritu behar izan dugu lana geldiarazten oinarrizko segurtasun neurriak ematen ez zirenean".
Parte hartzeko argibideak
Salaketa egunean parte hartzeko argibideak eman dituzte sindikatuek sare sozialetan:
- Lantokietan
- Mobilizazioak sustatuz: elkarretaratzea, isilunea, eserialdia... distantzia ziurtatuta bilduz, eta kartela eskuan hartuta, lan zentroen aurrean mobilizatzera dei egiten dizuegu. Argazkiak atera eta zabaldu #BizitzaDefendatu traola erabilita.
- Bideoekin: kartelak eskuan, grabatu bideo laburrak lan osasunarekin lotutako zuen aldarrikapen eta salaketak egiteko, eta zabaldu #BizitzaDefendatu traola erabilita.
- Etxean
- Argazki eta bideoekin: grabatu bideo labur zuen osasuna bermatzeko egin nahi duzuen salaketa edo aldarrikapena adieraziz, eta zabaldu sare sozialetan #BizitzaDefendatu traola erabilita.
- Xingola beltzak leiho eta balkoietan. Zintzilikatu balkoi edo leihotik xingola beltz bat, lanagatik hil edo gaixotu direnekin elkartasuna adierazteko eta egoera hauek salatzeko.