Euskarazko bi filmen emisio bateratua. Horixe da Euskaraldiak martxan duen ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenarekin bat eginez, EiTB, TOKIKOM eta Topagunearen eskutik gauzatuko den proposamena. Gaur 21:00etan eskainiko dute bigarrena: Gartxot: konkista aitzineko konkista.
Erlo telebista, Goiena Telebista, Goierri Telebista, Kanaldude, Xaloa eta Oizmendi Telebistan ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek. EiTB Nahieran ere ikusgai egongo da.
Etxealditik Euskaraldira ekimenak bezalaxe, hizkuntza eta ohiturak izan dira proposamenaren ardatz, eta “euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzeko” eta “euskarazko ekoizpenen kontsumo-ohitura bultzatzeko” bat egin dute telebistek.
“Asteazkena ‘ikuslearen eguna’ izan ohi denez, zinera joan beharrean, zinea etxera ekartzea zen ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenaren baitan, herritarrei luzatu behar genien proposamena”, aurreratu du Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk. “TOKIKOM, EiTB eta Topagunearen eskutik datorren proposamenak egun horretako planteamendua borobildu eta osatu egiten du”.