Zenbait kolektibo sozialek etorkin irregularren "zitazio tranpak" bertan behera uzteko eskatu dute

Euskalerria Irratia 2020ko api. 23a, 11:40

SOS Arrazakeriaren protesta bat, Iruñean.

Paperak eta Eskubideek Denontzat, Munduko Medikuak eta SOS Arrazakeria Nafarroak kexa bat jarri dute Arartekoan, "profil etnikoan oinarritutako kontrolak" eta "hitzordu tranpak" bertan behera uzteko eskatuz.

Paperak eta Eskubideek Denontzat, Munduko Medikuak eta SOS Arrazakeria Nafarroak kexa bat jarri dute Arartekoaren aurrean, eta Migrazio eta Justiziako Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Gobernu Ordezkaritzari helarazi diete, "profil etnikoan oinarritutako kontrolak" eta "hitzordu tranpa" izenekoak bertan behera uzteko eskatuz.

Talde horiek errefusatu egin dute apirilaren 20an Iruñeko Alde Zaharrean Espainiako Polizia Nazionalak egindako ekintza: egoera irregularrean zegoen pertsona bat identifikatu zuten, erosketak egiten ari zela, kalean. "Agenteek une hori aprobetxatu zuten identifikatutako pertsonari mehatxu egiteko eta zitazio bat emateko", adierazi dute ohar batean.

Azaldu dutenez, "hitzordu tranpa" deitzen dutena "egoera irregularrean dauden pertsonei kanporatze espedienteak irekitzeko pentsatuta dauden zitazioak banatzean” datza. “Zitazioan, eskatzen zaie Atzerritartasun taldearen aurrean egun jakin batean agertzeko, arrazoi zehatzaren berri eman gabe edo, kasu batzuetan, engainatuta; gainera, jakinarazten zaie agertzen ez badira zigortu edo atxilotu egin ditzaketela”, azaldu dute.

Kolektibo horien ustez, zitazio horiek "legez kanpokoak eta eskubideen urratzaileak" izateaz gain, "irregularrak" dira; izan ere, "atxilotzeko mehatxu bat dute, neurri hori bermatzen duen inolako prozedura penal edo administratiborik ireki gabe". "Balio juridikorik gabeko mehatxuak dira, baina helburu argi batekin: beldurraren bidez zirkulatzeko askatasuna kontrolatzea eta hiri eta auzoetan muga ikusezinak ezartzea, jatorriaren, egoeraren, arrazismoaren eta kategoria juridikoaren arabera", arbuiatu dute. Gainera, alarma egoeran nortasun kontrolak eta zitazioak egitea "oso larria" dela eta "onartezina" dela azpimarratu dute.

Horregatik guztiagatik, kexa bat jarri dute Arartekoaren aurrean, eta Migrazio eta Justiziako Zuzendaritza Nagusiari eta Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzari horren berri eman diete. Kexa horretan, Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioari informazioa eskatu diote praktika mota horri buruz, metodo horren arabera hasitako edota gauzatutako kanporatze espedienteen kopuruari buruz, bai eta horiek artxibatzeari buruz ere. Era berean, jarduketa horien legezkotasunari buruzko informazioa eskatu dute, oinarri duen araudia zehazteko. 

Era berean, "profil etnikoan oinarritutako nortasun kontrolak" bertan behera uzteko eskatu dute. Gainera, tokiko erakundeen eta Nafarroako Gobernuaren menpeko poliziek horrelako jardunbideetan ez laguntzeko eskatu dute

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!