LABek gobernuei eta patronalei eskatu die Covid-19a atzemateko testak lehentasunez egiteko oinarrizko zerbitzuetako langileei. Gainera, hilean lau eguneko lizentzia ordaindua emateko eskatu du, "egiten ari diren lan eskerga dela eta, merezitako atsedena izan dezaten".
Sindikatuak kritikatu du sektore horietan "segurtasun neurri gutxirekin" ari zirela lanean. "Toki batzuetan segurtasun neurriak hobetu dira", onartu du. Baina oraindik “hutsune nabarmenak” daudela gaineratu du. LABen hitzetan. anbulantziek desinfektatzeko ekipamendurik gabe jarraitzen dute, supermerkatuetan langileak maskarak berrerabiltzera behartzen dituzte, garbitzaileei betaurrekoak falta zaizkie eta garraiolariek erritmo bizian lan egiten dute. "Eta horietako inori ez zaio testik egin", salatu du ohar batean. LABek aldarrikatu du 40 egun geroago, “guztion bizitzak zaintzen dituzten langileen osasun egoera ezagutu” behar dela. Testak lehentasunez langile horiei egitea eskatu du.
Bestalde, "inoiz baino lan karga handiagoarekin, estresarekin, beldurrarekin eta zama psikologikoarekin" lan egiten dutela ere nabarmendu du. Hori dela eta, patronalei hilean lau eguneko lizentzia ordaindua onartzeko eskatu die, konfinamendu osoan oinarrizko zerbitzu gisa egiten ari diren lanarengatik atsedena hartzeko.
Zigor proposamenik ez
Bestalde, atzo zabaldutako ohar batean, sindikatuak "sinestezintzat" hartu du ez dutela enpresen aurkako zigor proposamenik aurkeztu Covid-19rekin lotutako segurtasun neurriak ez betetzeagatik. Azaldu duenez, atzo krisi sanitarioaren jarraipena egiteko egindako bileran, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zien Lan Ikuskaritzak ez duela enpresei zigor edo jarduera geldiarazteko proposamenik egin, segurtasun neurriak ez betetzeagatik.
Hori hala bada, sindikatuak uste du gobernuak “gezurra" esaten duela dioenean Nafarroan inor ez dela lanera joaten osasuna bermatuta izan gabe. "Nafarroako Gobernua eta Lan Ikuskaritza ez dira enpresak bisitatzen ari, Covid-19aren aurrean beharrezko neurriak eta planak dituztela egiaztatzeko eta kontrolatzeko. Horrela bakarrik uler daiteke, ospitale eta egoitzetan neurri falta nabarmena egon arren, Nafarroako enpresei zigor edo jarduera geldiarazteko proposamen bakar bat ere ez egotea ".