Nafarroako 200 dendak baino gehiagok eramaten dituzte erosketak etxera

Euskalerria Irratia 2020ko api. 23a, 10:41

Prozesua gauzatzeko eta zerbitzuari buruzko informazioa zabaltzeko telefonoa, posta elektronikoa edota whatsappa erabiltzen dituzte. 

Nafarroako 62 herritako 231 saltokik urrutiko salmentarako eta, kasu gehienetan, etxez etxeko banaketa zerbitzurako kontaktu modua eskaintzen dute, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez. Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak zerrenda bat osatu du, eta zerbitzu hori eskaintzen duten eta establezimendu fisiko bat duten saltoki guztiak bildu ditu. Gogorarazi duenez, elikagaiak eta oinarrizko produktuak saltzen dituztenek denda zabalik izaten jarraitzen dute, eta beste batzuk itxita daude pandemiarengatik.

Dinamizazio programan izena ematean, establezimenduek honako hauek zehazten dituzte: herria, merkataritza sektorea, telefonoa eta posta elektronikoa, salmenta modua (aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa, posta elektronikoz edo wathsappez) eta banaketa, zeina izan daitekeen etxean (saltoki gehienek eskaintzen duten zerbitzua), udalerrian edo Nafarroa osoan (establezimenduen %28k eskaintzen du).

Horietako gehienak elikaduraren eta garbiketaren sektorekoak dira (121), baina badira teknologia eta telekomunikazio ekipoak merkaturatzekoak ere (12); optikak eta entzumen zerbitzukoak (7); farmaziak (7); eta arropa, osagarriak eta oinetakoak saltzen dituztenak (5).

Iruñan 82 saltoki daude, Lizarran 18, Elizondon eta Altsasun 9, Zizur Nagusian 8, eta Tafallan eta Zangozan 7. Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak astero eguneratuko du bere webgunean bat egin duten establezimendu berrien zerrenda. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!