Liburutegien 'on line' maileguak laukoiztu dira konfinamenduan

Euskalerria Irratia 2020ko api. 22a, 10:37
Nafarroako Liburutegia

Bihar Liburuaren Eguna ospatuko da, eta Nafarroako liburutegiek bat egingo dute formatu birtuala izango duten ekitaldiekin.

Nafarroako Kultura Departamentuak formatu birtualeko ekitaldiak antolatu ditu bihar, apirilak 23, ospatuko den Liburuaren Egunarekin bat eigteko. Halaber, Nafarroako Liburutegiaren sorreraren 150. urteurrena, Liburutegi Sarearen 70. urteurrena eta irakurketa kluben 20. urteurrena ere ospatuko ditu. Aurtengo ospakizunak bereziak izango dira, baina azpimarratu dute konfinamenduak ez duela eragotziko ospakizunak egitea. Halaber, konfinamenduak ez du eragotzi liburuen mailegu jarduerarekin jarraitzea, kasu honetan on-line modalitatean, eta azken hilabetean laukoiztu egin da.

Liburu eremua, eremu librea goiburuarekin, liburutegiek Liburuaren Eguneko proposamena sare sozialetara eta Internetera egokitu dute. Modu horretan, Kixoteren irakurketa tradizionala, —Ateneok antolatzen du eta Liburutegien Sareak ere duela urte batzuk bat egin du—, oraingoan birtuala izango da: web orrialdean argitaratuko da kultura, ikerketa, arteak eta liburutegien arloekinkin loturiko berrogei bat pertsonaren irakurketak jasotzen dituen bideoa.

Horrez gain, Vadecuentum izeneko jarduera antolatu dute; hau da, ipuin birtualen saioa. Narrazioaren arloko hamar profesionalek ipuinak interpretatuko dituzte haurrentzat eta ez hain haurrentzat. Proiektuan, Marisa Serranoren koordinaziopean, honako hauek hartuko dute parte: Birjiñe Albira, Sergio de Andres, Leire Arraiza, Ines Bengoa, Patricia Eneriz, Maider Galarza, Inma Gurrea, Virginia Moriones, Belén Otxotorena eta Sergio Salinas.

Nafarroako gainerako liburutegi publikoek ere beren ospakizun ekintzak antolatu dituzte. Esate baterako, Faltzesko Liburutegi Publikoak online ipuin-kontaketa antolatu du Mikel Suarez narratzailearen eskutik, eta publikoari gonbita luzatu dio booktuber bilakatzeko, liburuak gomendatze aldera. Halaber, Zarrakaztelu, Martzilla, Mendabia, San Adrian edo Vianako liburutegiek zenbait ekimen jarri dituzte abian, eta erabiltzaileei eskatu diete liburuak irakurtzeko, partekatzeko edo haiekin argazkiak ateratzeko, sare sozialetan argitaratzen joango diren "baliabideen" albuma egitearren.

Jarduera "konfinatuen" arrakasta

Liburutegiak ixtera behartu zituzten konfinamendu neurriak dekretatu ziren unetik, Nafarroako Liburutegi Publikoak eta horietako langileak herritarrengana iristen ahalegindu dira zerbitzu digitalen bitartez. Irakurketa eta kultura hedatzeko lan hori zenbakiek berretsi dute, eta Liburutegien Zerbitzua "oso gustura" dago zerbitzu birtualen erabilera eta erabiltzaile kopuruak gora egiteaz gain, kasu batzuetan, hiru edo lau aldiz biderkatu direlako.

Hilabete bakar batean, 1.400 pertsona baino gehiagok eskatu dute liburutegien txartel birtuala edo sartzeko pasahitza. Erreminta horri esker, bideoak, aldizkariak eta liburuak ikusteko plataformetara sar daiteke.

Halaber, arrakasta handia izan du Nafarroako Liburutegiak baliabide, biltzar, hitzaldi, erakusketa, kontakizun eta bestelako jardueretara web orrialdearen eta kasu honetarako sortutako plataformaren bidez sartzeko garatutako ekimenak. Egunero hitzaldi berri bat eskaintzen da; era horretan, orain arte hogei hitzaldi baino gehiago eskaini dituzte zientzia eta kultura munduko hainbat kidek: Josep Ramoneda, Daniel Innerarity, Javier Armentia, José Ignacio López Goñi edo Joaquín Sevilla, besteak beste.

Nafarroako Liburutegien Zerbitzuak eta Nafarroako Liburutegiak modu zentralizatuan sustatutako eta aurrean aipatutako ekimen horiez gain, nabarmendu nahi dute banaka eta euren baliabideekin liburutegiak denboraldi honetan ekimen ugari ari direla jorratzen; Liburuaren Egunaren astean gauzatzeko prestatzen ari direnak nahiz konfinamenduak irauten duen bitartean egiten joango direnak. “Lan hori ezinezkoa litzateke liburutegietako langileen parte-hartzerik gabe, haien etxeetatik herritarrekin harremanetan egoten jarraitzen baitute posta elektronikoaren, web plataformaren, blogen eta sare sozialen bitartez”, nabarmendu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!