Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak onartu du astearte honetan Nafarroako Gobernuak onartutako foru lege dekretu berria, koronabirusaren krisiari aurre egiteko neurriak jasotzen dituena, batez ere autonomoen kolektiboari zuzendutakoak.
Onartutako arauak bi motatako laguntzak aurreikusten ditu. Alde batetik, 2.200 euroko aparteko laguntza zuzena emango zaie martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuan ezarritako jarduera uzteagatiko aparteko prestazioa aitortu zaien langile autonomoei, betiere baldintza batzuk betetzen badituzte.
Bestalde, 700 euroko laguntza aurreikusi da prestazio hori jaso ezin izan duten baina fakturazioa murriztu zaien langile autonomoentzat. Halaber, zenbait baldintza eta ondarearen eta errentaren adierazle batzuk ere jasotzen dira, laguntza hori 800 eurora igo dezaketenak.
Legebiltzarreko osoko bilkuran Mahaiko kideak, taldeetako bozeramaileak eta Gobernuaren ordezkariak baino ez dira bildu. Gainerako legebiltzarkideek botoa eskuordetzea formalizatu dute berriro.
Maria Txibite presidenteak eskertu egin du taldeek neurri sorta berri horri emandako babesa, eta "pandemiari aurre egiteko politikan lankidetza eraikitzailea tresnarik onena" izaten ari dela adierazi du.