Sarek salatu du COVID-19a "indartsu" sartu dela espetxeetan

Euskalerria Irratia 2020ko api. 20a, 11:13

Bego Atxa, Sareko kidea, egoeraren berri emateko egindako bideoan.

Plataforma herritarrak jakinarazi du "preso asko" birusarekin "bizitzen" ari direla, eta Picassenteko, Brievako, Kordobako eta Estremerako presondegiak aipatu ditu. 

Sare euskal presoen aldeko plataforma herritarrak asteburu honetan salatu duenez, COVID-19 "indartsu sartu da espetxeetan", eta euskal preso “asko" birusarekin bizitzen ari dira. Ohar baten bidez adierazi dute "Espainiako Gobernua opakotasunez jokatzen ari bada ere”, hori horrela dela salatzeko moduko datuak dituzte. Picassenteko, Brievako, Kordobako eta Estremerako espetxeak aipatu dituzte.

Bestalde, presoen 100 seme-alaba baino gehiagok pairatzen duten krudelkeria kritikatu dute, haientzako baldintza normaletan "sakrifizio handia" baldin bada distantzia luzeak egitea, gaur egun aurrez aurreko komunikazioen etenak edo bideokonferentziak erabiltzeko eragozpenak "umezurtz" uzten baititu. "Bertan behera utzi behar dira preso hauek mendeku-tresna bihurtzen dituzten salbuespen-legeriak", azpimarratu dute.

Gainera, gogorarazi dute pandemiaren hasieran adierazi zutela kezkatuta zeudela Covid-19aren ondorioz espetxeetan sor zitezkeen arazoengatik, eta Europako hainbat erakundek gobernuei eta estatuei helarazitako gomendioak aipatu zituztela, presoak kartzelatik ateratzeko eskatuz, baldin eta adin aurreratuak, gaixotasun larriak edo zigorren zati handi bat beteta bazituzten. Hori dela eta, kritikatu dute Espainiako Gobernuari eta Justizia Administrazioari ez diela “ezertarako balio izan" Nazio Batuek edo Europako Kontseiluak neurriak hartzeko eskatu izanak, ezta Erresuma Batuak edo Kataluniak preso kopuru handi bat aske uztea erabaki izanak ere, konfinamendua etxean bete ahal izateko.

"Egoera honen aurrean, berriro eskatzen dugu aske uzteko gaixotasun larriak dituzten presoak, adin handikoak direnak eta kondenaren hiru laurdenak aspaldi bete zituztenak", gaineratu dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!