Ekologistak Martxan-ek kritikatu du Gobernuaren Ordezkaritzak galaraztea baratze ez profesionaletan ereitea eta landatzea

Euskalerria Irratia 2020ko api. 17a, 11:52

Alarma egoera ezartzen duen 463/2020 Errege Dekretuari buruz Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak egiten duen interpretazioa kritikatu du Ekologistak Martxan taldeak, profesionalak ez diren baratzeetan "biltzea" baino ez baitu ahalbidetzen.

Ekologistak Martxan taldearen esanetan, errege dekretu hori oinarrizko testu bat da, beste erkidego batzuetan desberdin interpretatu dena, ereitea edo landatzea ahalbidetuz. Halaber,  adierazi du "artikulu bakar batek ere" ez duela hitz egiten profesionala ez den nekazaritzaz.

Zentzu horretan, Nafarroan egiten den interpretazioa "oso murriztailea” dela salatu du: "Baratzezaina saltoki batera erostera joango balitz bezala bakarrik jaso daitezke produktuak". Halaber, apirilaren 13tik aurrera baimendutako lanen artean ereitea edo landatzea bezalako jarduerak ez egotea salatu du.

Bestalde, kritikatu du segurtasun eta babes neurriak errazago betetzen direla profesionalak ez diren baratze batean, fabrika, eraikuntza edo saltoki batean baino. “Era berean, nekazaritza ez-profesionala askorentzat osagarria da, baina beste askorentzat, baliabide urriko pertsonentzat, elikagaiez hornitzeko modu nagusia da", gaineratu du.

Azkenik, urtaroa “erabakigarria” dela esan du: “Orain landatu edo erein behar dira udan edo udazkenaren hasieran bilduko diren labore guztiak; labore horiek landatu edo ereiten ez badira, askok ez dute elikagairik ahora eramango, eta, ondorioz, pairatzen ari garen krisia are handiagoa izango da”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!