‘Konfinamenduko Bertso Saioak’ egitasmoa abiatuko da bihar Euskalerria Irratian

Euskalerria Irratia 2020ko api. 16a, 12:47

Nafarroako Bertsozale Elkarteak hiru bertso saio antolatu ditu, herrialdeko zazpi euskal irratiekin elkarlanean. Bihar egingo da lehena, 10:00etan, Euskalerria Irratia-n, zuzenean.

Gainerako jarduerekin gertatu bezala, Nafarroako bertso plazara ere etena ekarri du koronabirusak, eta asko dira azken asteetan bertan behera utzi behar izan diren bertso saioak. Egoeraren aurrean, Nafarroako bertsolarientzat etena erabatekoa izan ez dadin, eta aldi berean, bertsozaleari eskaintza egin nahian, Konfinamenduko Bertso Saioak egitasmoa jarri du martxan Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Izan ere, gu konfinatuta gaude, baina hitza librea da.

“Krisialdiak, bere gogorrean, komunitatea trinkotzeko aukera ekarri du mahai gainera, eta bertsoak ekarpena egin dezake bide horretan. Gainera, komunitatearekiko zerbitzu horretan aspaldi ari dira Nafarroako euskal irratiak, eta bidelagun ezinhobeak dira bertsolaritzaren zabalkundean ere”, adierazi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak ohar batean.

Gauzak horrela, elkarlanean antolatu dugu egitasmoa Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta herrialdeko zazpi euskal irratiek —Euskalerria, Esan Erran, Beleixe, Aralar, Karrape, Irati eta Xorroxin—. Hiru bertso saio izango dira, uhinen bitartez barreiatuko direnak, eta bertan ariko dira kantari Nafarroako hamasei bertsolari.

Bihar, apirilak 17, izango da lehena, Euskalerria Irratia-n. 10:00etan, zuzenean arituko dira Alazne Untxalo, Josu Sanjurjo, Julio Soto, Saioa Alkaiza, Xabat Illarregi eta Xabier Terreros. Aurkezlea Reyes Ilintxeta izango da. 

Hurrengo saioak hauek izango dira:
Esan Erran, Karrape eta Beleixe irratietan: apirilak 23. 12:00etan (Esan Erran), 18:00etan (Karrape) eta Apirilak 24, 12:00etan (Beleixe). Eneko Fernandez, Idoia Granizo, Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Sustrai Colina. Gai-jartzailea: Ander Aranburu.

Aralar, Xorroxin eta Irati irratietan: apirilak 23. 13:15ean (Aralar), 13:30ean (Xorroxin) eta 17:00etan (Irati). Endika Legarra, Erika Lagoma, Joanes Illarregi, Mikel Lasarte eta Oskar Sanz de Acedo. Gai-jartzailea: Miel Mari Elosegi Luze.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!