Herri Sanferminak kolektiboak uste du "erokeria" dela 2020ko Sanferminak uztailean ospatzea, eta, horregatik, premiazkoa dela datozen egunetarako San Ferminetako Mahai Ofiziala modu telematikoan deitzea, dagozkion erabakiak hartzeko.
"2020ko Sanferminak denon artean antolatu behar ditugu, auzolanean", adierazi dute ohar batean. Horregatik, Iruñeko alkateari eskatu diote erabakiak duela urte batetik mahaian lanean ari diren eragile guztien artean hartu ahal izateko.
“Bizitzen ari garen osasun krisi honetan, iruindarrok lehen lerroan egon behar dugula eta guztion zaintza eta babes osoa bermatu behar dugula uste dugu”, adierazi dute. Horregatik, esan dute "erokeria" litzatekeela pandemiari muzin egin eta uztailean milaka eta milaka lagun hirian batzea, "osasun baldintza milnimoak ez liratekeelako beteko".
Aukera ezberdinak daudela uste dute; alde batetik, jaiak ez ospatzea, eta bestetik, atzeratzea. Azken kasu horretan, ordea, data "eragile guztien artean" adostu beharko litzatekeela azpimarratu dute —talde herrikoiak, dantzariak, fanfarreak, txarangak, soinu teknikariak, eszenatokiak muntatzen dituzten langileak, musika taldeak, bertsolariak, tabernariak…—, eta "auzolanean" prestatu. "Herritarrak dira jaiaren protagonista nagusiak, eta, horregatik, lehen lerrora eraman behar dira, kontuan hartuta haiek gabe ez dagoela festarik, eta osasuna eta zaintza direla nagusi", nabarmendu du.