Nafarroako Parlamentuko ez ohiko osoko bilkuran eman ditu datuak Maria Txibite presidenteak. Gaur goizeko 8.00etako datuak dira.
- %15 egin du gora positiboa eman duten pertsonen kopuruak, 1.715 dira jadanik Nafarroan, atzo baino 229 gehiago
- 67 pertsona berri artatu behar izan dituzte ospitaleetan, atzo baino %12 gehiago. 604 pertsona daude uneotan ospitaleetan
- 64 pertsona hil dira krisialdia hasi zenetik. Atzo 13 pertsona zendu ziren, %4 egin du gora
- 29 pertsona sendatu dira azken egunean. %32 igo da kopurua. 118k jaso dute jadanik alta.
Nafarroako Presidenteak azaldu duenez, Nafarroan kutsaketa kopurua altua bada, hilkortasuna ez da beste erkidegoetan dagoena bezain altua. "Nafarroan hilkortasuna positibo guztien %3an kokatuta dago, estatuan berriz %7an" azaldu du Presidenteak. Zentzu horretan Txibitek Nafarroako Osasun sistemaren balioa azpimarratu du, egoera gogorrari erantzuten ari zaiolako. "Prestatuta gaude egoera txarrenari ere erantzuteko, indartu ditugu taldeak, zabaldu ditugu azpiegiturak ospitale gunean eta beharrezkoa balitz, eta uste dugu ez dela beharrezkoa izanen, Refenan ospitale berezia ezartzeko prest gara ere" adierazi du Txibitek.
Bilkura berezian, soilik talde politiko bakoitzeko bozeramaleak parte hartzen ari dira.