Azpikontratatutako enpresetako langileen eskubideak bermatzeko eskatu die ELAk gobernuari eta udalei

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 26a, 11:27

Azpikontratatutako enpresa batzuen aldetik "iruzur egoerak" gertatzen ari direla salatu du ELAk, eta, horregatik, Nafarroako Gobernuari eta udalei eskatu die "zainketa aktibatzeko".

ELA sindikatuak Nafarroako Gobernuari eta udalei eskatu die, "une korapilatsu honetan", administrazioek azpikontratatutako enpresentzat lan egiten duten pertsonen lan baldintzak defendatzeko. Azpimarratu du ez dela onartu behar azpikontratatutako langileen enplegua murriztea, ezta haien lan eta soldata eskubideak ere.

Azpikontratatutako enpresa batzuen aldetik "iruzur egoerak" gertatzen ari direla ziurtatu du ELAk, eta, horregatik, Nafarroako Gobernuari eta udalei eskatu die zainketa aktibatzeko, besteak beste, ez diezaieten behin-behineko langileei kontratua deuseztatu, “dagoeneko gertatzen ari den bezala".

Era berean, "erabaki politiko bat” har dezatela eskatu die, azpikontratatutako langileek soldataren %100 jaso dezaten, baita aparteko ordainsariak ere, eta haien egoerak ez dezan kalterik eragin hartu beharreko urteko opor egunetan.

Sindikatuak informazio eskaerak aurkeztuko dizkie administrazio publikoei, kontrata bakoitzaren egoera zein den jakiteko eta "bizitzen ari garen bezalako egoera batean enpresak modu bidegabean eta diru publikoaren kontura aberastea saihesteko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!