Nafarroako Ekologistak Martxan taldeak AHTaren lanak "berehala gelditzeko" eskatu du

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 26a, 10:37
AHTaren aurkako protesta bat, Nafarroako jauregiaren aurrean. (Argazkia: Ekologistak Martxan)

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak "berehala gelditzeko" exijitu dio Nafarroako Gobernuari: "Obra hau ez da beharrezkoa, eta orain, are gutxiago".

Elkartearentzat, “lotsagarria” da diru publikoa “xahutzen” ari den obra batek martxan jarraitzea une “zail” hauetan. Era berean, "tamalgarritzat" jo du osasun langileek behar adina material ez izatea eta, hala ere, halako obra baterako dirua egotea. Lan istripu bat gertatuz gero egoerak osasun zentroetako jarduera are gehiago larriagotu dezakeela nabarmendu du.

“AHTarena beharrezkoa ez den obra bat da, diru-kutxa publikoek bere gain hartzen jarraitu ezin duten kostu ekonomiko izugarriarekin", adierazi du Ekologistak Martxan taldeak. "Ingurumenaren aldetik jasanezina" den azpiegitura dela gaineratu du, baita "erabat jasanezina” den garraiobidea ere, “baliabide ugari irensten dituelako, beste zerbitzu beharrezkoagoetan erabilgarriak izan daitezkeenak".

Elkarteak adierazi du, halaber, koronabirusak eragindako osasun krisiaren aurrean, behar dena dela "pertsonak eta herriak batuko dituen" garraiobide bat, "irisgarria eta lurraldea egituratuko duena".

Horregatik, obra "berehala" gelditzeko exijitu dio Nafarroako Gobernuari. Era berean, obra bera birplanteatzea eskatu du. "Etorkizunean baliabide guztiak osasun arloan gertatuko den krisi sozial eta ekonomiko izugarria arintzera bideratu beharko ditugu”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!