Gurutze Gorria atzo hasi zen jangela beka jasotzen duten baina egunotan etxean geratu behar duten ikasleei lehen laguntzak banatzen. Koronabirusa geldiarazteko neurriek kostu erantsia dute premia egoeran dauden familia batzuentzat. "Jantokira joan ahal izateko adingabeek jasotzen zuten beka orain elikagai edo laguntza ekonomiko formatuan jasoko dute, etxean jan ahal izan dezaten eta familientzat garestia izan ez dadin", azaldu du Juanjo San Martinek, Gurutze Gorriak Nafarroan duen koordinatzaileak Diario de Noticias egunkarian. 4.400 laguntza banatuko dituztela adierazi du.
Laguntza horietako mila elikagai sorta moduan emango dituzte; Gurutze Gorriko boluntarioek eta Elikagai Bankukoek ostiralean prestatzen hasi ziren sorta horiek. Gainerako laguntzak aurrez kargatutako txartelak izango dira, familiek eurek janaria erosi ahal izan dezaten.
Txartelek zein loteek balio bera izango dute prestazioari dagokionez, eta bi aukerak konbinatu egingo dira krisi egoerak irauten duen denboran laguntza eskaintzeko.