Raquel Samitier ilustratzaileak itxialdiari baikortasunez begiratzen dion haurrentzako album bat argitaratu du

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 25a, 11:26

Albumeko ilustrazio bat (www.samitierilustracion.com)

‘Vacaciones en casa’ izenburua du, eta etxean egotera behartuta dagoen neskato baten alaitasuna islatzen du. Entretenimendua du helburutzat.

Raquel Samitier ilustratzaile nafarrak Vacaciones en casa (Oporrak etxean) haurrentzako album ilustratua argitaratu berri du. Hemezortzi orrialdeko lan bat da, eta Pipa du protagonista, egunotan bere etxean egon behar duen sei urteko neskatoa, egoerari alaitasunez eta baikortasunez aurre egitea erabakiko duena. Egilearen webgunean deskargatu daiteke, dohainik. 

Lan horrekin, "entretenimendurako" tresna bat eskaini nahi du Samitierrek. Lau eta zortzi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta hura sortzeko, La vita è bella film italiarraren istorioan oinarritu da.

Egilea Humanitateetan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta Arte Ederretan Euskal Herriko Unibertsitatean. Noaingo Kultur Etxean egin du lan, kultur teknikari laguntzaile gisa, eta, aldi berean, teknika piktoriko, digital eta narratiboetan trebatu da, hainbat ikastaro eta tailerren bidez. Gaur egun, ilustratzaile profesionala da, eta bere proiektu pertsonala haurrentzako album ilustratuan oinarritzen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!