Egoitzetan bizi diren adinekoentzako arreta plana jarri du martxan gobernuak

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 20a, 10:27

Nafarroan adineko pertsonentzako 74 egoitza daude, eta 5.400 plaza inguru. Atzo arratsaldeko datuen arabera, 52 kasu susmagarri zeuden isolatuta eta 3 pertsona ospitaleratuta.

Covid-19 koronabirusak sortutako gaixotasunarekin lotuta hartutako osasun-neurrien esparruan eta Osasun Sailarekin koordinatuta, adinekoen egoitzetan arreta emateko plan espezifiko bat jarri du abian Gizarte Eskubideen Sailak.

Nafarroan adineko pertsonei zuzendutako 74 egoitza daude, eta 5.404 plaza inguru. Aste honetan Gizarte Eskubideen Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokian zentralizatutako aginte koadro bat ezarri dute martxan. Egoitzetako zuzendariek egunero ematen diete egoiliarren eta bertan lan egiten duten langileen egoeraren berri.

Nafarroako Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Agentziako zuzendari kudeatzaile Ines Frantsesek jakinarazi zuenez, atzo arratsaldeko datuekin, 52 kasu susmagarri zeuden isolatuta, eta 3 kasu ospitaleratuta. Mediku-bisitaren ondoren gaixotasunaren susmoa edo baieztapena duten pertsonak dira.

Jarduera horiez gain, egoitza-zentroek etengabeko arretarako telefono bat dute, eta bertan, Gizarte Eskubideen Saileko osasun-langile talde batek aholkuak ematen dizkie zentroei. Talde hori bera egoitza-zentroetara ere joango da, taldeei "in situ" aholkuak emateko. Egoitzetako langile soziosanitarioak ere sartu dira koronabirusaren proba diagnostikoaren zehaztapenean, kasu sintomatikoetarako.

Atzo ere, gobernuaren bilkuran, sektorean esperientzia duten profesionalak kontratatzeko aukera onartu zen, eskatutako akreditazioa izan ez arren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!