Talde ultra bati lotutako bost gizon atxilotuak, Agoizko jaietan zenbait gazte jipoitzeagatik

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 18a, 14:05

Ustezko egileek “modu koordinatuan” jardun zuten beste gazte batzuei jipoia emateko, eta horietako bi larri ospitalera eraman behar izan zituzten.

Foruzaingoak bost gizonezko atxilotu ditu Agoitzen, lesio delitu bana egotzita. Ikerketa luze baten ostean, Agoizko jaietan taldean eraso bat egin zuten bost gazte identifikatu eta atxilotu dituzte foruzainek.

Foruzaingoak jakitera eman duenez, ustezko erasotzaileek, kontaktu-kirolak egiten omen dutenak, "modu koordinatuan eta azpikeriaz" jardun zuten beste gazte batzuei jipoia emateko, horietako bik zauri larriak izan zituzten eta ospitalera eraman behar izan zituzten.

Gertaeren ostean, ustezko erasotzaileak arropaz aldatu ziren, "ez ezagutzeko". Haien nortasuna ezagutzeko, agenteek biktimen eta lekukoen testigantzak baliatu zituzten, bai eta inguruan zeuden bideozaintzako hainbat kamera ere. Horrez gain, polizien datu baseekin kontrastatu zuten informazioa, eta egile batzuk azken urteetan gertatutako antzeko gertakariekin lotu zituzten.

Hala, ustezko bost egileak identifikatu eta atxilotu ahal izan dituzte, polizia-aurrekari ugari dituztenak eta talde ultra batekin lotura dutenak, eta Agoizko epaitegira deitu dituzte haien erantzukizuna argitzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!