Atzo Manu Aierdi kontseilariak Euskalerria Irratian egindako adierazpenak entzun ostean, Nafarroako Gobernuaren auziaren kudeaketa baloratu du LAB sindikatuak. "Jendartea bakartzeko neurri gogorrak hartzen ari dira, baina aldi berean langileak lanera bidaltzen dituzte inolako babes neurririk gabe, ez bidean ezta lanean ere. Hala ere, kontseilariaren ustez langileen osasuna bermatzen ez duten enpresen itxiera ez du ulertzen. Langileen osasuna ez zaio batere axola egoera ekonomikoa bermatzeko", salatu du LAB sindikatuko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak.
"Bai langileon osasuna babesteko baita pandemiaren hedapena mugatzeko neurriekiko koherenteak izateko ere, honakoa exijitzen diegu Nafarroako eta Espainiako Gobernuei: Nafarroa gutxieneko zerbitzutan jartzea", jakinarazi du. Oinarrizko zerbitzuak mantendu, ahal den lanpostuetan telelana ezarri eta bestelako lan jarduera guztiak eten egin behar dira sindikatuaren ustez.
Hori langileentzako inolako kosterik gabe. Nafarroako Gobernua Madrili begira dagoela uste du sindikatuak: "Madrilek hartuko dituen aurrekontuen neurrien zain dago. Honen harira, aurrekontu-egonkortasunari buruzko legearen mugen atzean babesten da, beraien esanetara ezartzen dituen mugek zaildu egiten dutela neurriak hartzea".