Izaro Andres abeslari mallabiarra Limones en invierno disko berria aurkezteko bira egiten ari da, eta Iruñeko Baluarte auditoriumean ere egingo du geldialdi bat. Martxoaren 28an eskaini behar zuen kontzertua, baina koronabirusak sortutako egoera dela eta, atzeratu behar izan du. Orain, baina, jakinarazi du jada baduela data berri bat: maiatzaren 9a.
Aurreko hitzordurako erositako sarrerak baliagarriak izango direla jakinarazi du Twitter bidez. Norbaitek sarrerak itzuli nahi izanez gero, hamar eguneko epea izango du, honako helbidera idatzita: j.urtasun@baluarte.com.
Izaroren hirugarren diskoa hamar abestiz osatuta dago, eta artistak urtarotik urtarora salto egitera gonbidatzen du, pop, bals, erritmo latinoamerikarrak eta folk doinuak uztartuta.
Kontzeptuetan eta estiloetan proposamen musikal irekia duen artista da Izaro. Ingelesa, euskara eta gaztelania erabiliz, estilo askotako musikarekin, hiru belaunaldiko entzuleak bere kontzertuetara eramatea lortu du. 25 urterekin hainbat sari jaso ditu jada, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren deia jaso du bere abestiak moldatzeko, eta Ben Sharrock edo Lara Izagirreren gisako zinemagileek bere musika erabili dute.